Browse Results

Showing 251 through 275 of 315 results

Un ange passe

by Pello Lizarralde Larraza

Pello Lizarralde kontalari berezia da. Ez ditu bere ahaleginak ahituko narrazioaren errenkari jarraika; Pello Lizarraldek bai baitaki hura baino interesgarriagoa dela narrazioaren atmosfera kutsatzea, astuntasun edo arintasun giroa irakurleari sentiaraztea. Horixe lortu zuen Sargori (1994) deritzan narrazioak: sargoriaren astuntasuna aleka jasanaraztea. Oraingo honetan alderantziz gertatzen da, giroaren eta narrazioaren eraiketa xehetasunez bete eta zehatza "isilaldi" arinen gainean kulunkatzen da: "Un ange passe". Eta, hala ere, "isilaldi" edo "esan gabe"ko horietan kondentsatzen da narrazioaren funtsa. Hitzik gabeko edo aipamenik gabeko hari iheskor horiexetan hartzen dute oin urtaroen kadentzian eratutako lau narrazioek. Ezdeusak diruditen hari horiek, ordea, erabat baldintzatzen dute Pello Lizarralderen narrazio liburua. Narrazio hauetan bada literatura munduko oihartzun ugari, ala nola Melvilleren Moby Dick edo Tobias Wolfen ipuinena, Tabucchiren eta Calvinoren lanena edo Antero Quentalen poemena.

Koaderno gorria

by Arantxa Urretabizkaia Bejarano

Aspaldi honetan eleberriak argitaratu gabe egon ondoren, Koaderno Gorria aurkeztu digu Arantxa Urretabizkaiak. Arrazoi politikoak tarteko zirela, emakume bat bere senar eta umeak utzi beharrean aurkitu da. Hasiera batean distantziak baizik ez zuen bereizten familia. Halako batean, ordea, senarra eta umeak erabat desagertu zaizkio bizitzatik. Ez du hurrengo zazpi urteetan haien paraderoaren berririk izango. Une horretantxe irudika genezake eleberriaren abiapuntua: nola iritsi umeekin harremanak izatera, nola ikusi oraindik umeek gogoan duten ala amaordekoak bete duen osorik haren lekua... Horretarako bidali du Venezuelara mezularia, eta haren eskuetan jarri Koaderno Gorria. Bi planotan dago antolatuta eleberri hau: mezulariaren ikerketa eta mugimenduak, batetik, eta amaren oroitzapena erabat estali ez zedin amak berak idatzitako aitormena, bestetik. Koaderno gorri hau primeran antolatu eta soluzionatutako eleberri hunkigarria da.

Rossetti-ren obsesioa

by Ramon Saizarbitoria Zabaleta

"Eta, azkenean, pare bat jolas metaforikorekin luzatu ondoren, alegoriak utzi, eta bere ipurmasailak aipatzen nituen besterik gabe. Ipurmasail biribilek zoratzear nindukaten, irrealitatetik -batzuetan duda egiten bainuen existitzen ote ziren- egiazko bizitzara nindekartelako. "Amets huts zinena gorpuztu egin zara, zure ipurmasailak dakuskidalako", eta bide horretatik, "zutaz ase nahi dut, zure ahotik edan...". Ez dut uste ulertu ahal izateko gehiago esatea merezi duenik, kontuan hartuta ez dela hau, inondik ere, harro sentiarazten nauen oroitzapena. Ez dakit nola izan nintzen horren ausarta, kontuan hartuz ere errazago dela horrelako gauzak izkribuz esatea. [...] Telefonoz deitu zidan, goizez, eta berehala jakin nuen eragin positiboa lortu nuela izkribuarekin. Bestela izan balitz ez zidan deituko, noski, baina, horretaz gain, nor da? galdetu nuenean, bizitza osoan ordu arte entzundako doinurik sentsualena entzun nuen. Zin dagit belusezko ahotsak existitzen direla. "Maite zaitut" esan zidan, zeta gaztelaniaz ahoskatuz. "¿Lo digo bien?". Baietz erantzun nion noski. "Qué maravilla" esan zidan, "qué bien escribes, me tienes anonadada". Antzeko baieztapen zerrenda luze baten ondoren, ea ba al nekien non zegoen galdetu zidan, eta nik, noski, ezetz; nola jakin behar nuen. "Ohe gainean nago etzanda" esan zidan. "Estoy tumbada encima de la cama y tengo los muslos calientes, tío". Pentsa daitekeenez, ezin nuen listurik irentsi. Harriturik nengoen portaera harengatik, eta harro nire literaturaren eraginagatik. Irakurtzen ari nintzen liburua esku artetik erori zitzaidan".

Bihotz bi

by Ramon Saizarbitoria Zabaleta

(Zabalpen Saria 1997) Eta horra nola idazten duen komikoki, samur, zoragarri maiz, huskeria eta zer horiez guztiez. Exagerazioa ere hor dago, eta nabari da denborak urratutako iragan hori, ezagutzearen ohitura, nekea, hitzak esateko edo ez esateko ezina, gerra saihets lezakeen keinua egiteko edo ez egitekoa, bestea amorratzeko moduan jardun behar petral hori. Gorrotoaren, indiferentziaren, suminaren, errukiaren, samurtasunaren errito odoltsuak, edota horren guztiaren planta egiteko erritoa. Urkoa ondo ezagutzen dela uste eta norbera izan tolesgabea. Benetan nahi ez duguna nahi izateko setakeria funtsgabe hori. Hitzen eta begiraden, pentsamenduen, aurreikuspenen gerra zentzugabe hori: hau egingo du, hori pentsatuko du, zera usteko du, eta agian, beharbada, akaso... A, zein gozoa nor bere buruaz errukitzea! Aldi berean, norbait zurea dela ziur jakiteko gogo hori, inolako arrisku izpirik gabe; segurtasun falta eragozle hori. Hain gaizki maitatzea, izan zena iraunarazi nahi izatea, jadanik ez den arren. Maitatzea ez baitago edonoren esku. Gizajoa, hain irrigarria, hain berekoia, eta hain samurra ere bai, inoiz. Eta gero neskato hori dago, hain gardena; ikusi ere egiten ote du gizonak. Ez da deus. Ez da. Nola kalifikatu sorginkeriaz bezala agertzen eta desagertzen den norbait, amets bat baino pisu handiagorik ez duen norbait, itxaropenaren maila ere ez duena. Eta poeta kaskar bat, doi orduantxe han portunatu behar zuena. Eta Samuel, gudari zaharra, aita gisa, zentzudun bakarra zentzugabekeria horren baitan. Eta beste hura, leiho barrena gainditu eta patioko zoladuraren kontra lehertu dena. Huskeria bat. Aurrera doa bizitza, auzitegiko enbarazu batzuk gora-behera; ezer larririk ez. Izate bitxia gurea. Helena Sotelo

Laura kanpoan da

by Jabier Muguruza Ugarte

Honako hau Jabier Muguruzaren helduentzako bigarren liburua da. Bizitza pusketak (1996) haren jarraipen gisa ere har daiteke liburua. Izan ere, oraingoan ere, bi narraziotan banatutako bizitza pusketa bana baitugu kontagai: Laura kanpoan da eta Mont-de-Marsan. Rock kontzertu baten inguruan harilkatzen da lehenengo narrazio luzea. Bertan Markosen nortasun eta sentsibilitatearen bueltan eraikitako narrazioa da: anaia rockero ospetsu eta liderrarenganako harremanak direla edo Laura emaztearenganakoak direla. Bi mundu Markos ezkonduaren eta rock erradikalaren artekoak. Bigarren narrazioan iparraldeko bar batera lan bila doan pianojolearen peripeziak kontatzen zaizkigu.

Gezurrak, gezurrak, gezurrak

by Iban Zaldua González

"Joxe heldu eta gutxira azaldu zen Marga: -Zer? Zer moduz hire koadrilakoekin? -Eta hi? Izan al haiz etxe zaharrean? Zelan daude landareak? -Erruz ureztatu ditiat, erosi huen ongarri hori gehitu zioat urari, oso pozik jarri dituk, badakik nolakoak diren. Salako ateari berniza eman zioat, bide batez. Isilunea. -Handik natorren, eta ez haiz bertan arratsalde osoan egon. Bigarren isilunea, are sakonagoa. -Beno, motel, eskolan katigatu gaitiztek, badakik nola gabiltzan bilerekin eta gurasoekin, ez diat hara joateko astirik izan, eta ez hindudan landareen kontuarekin larritu nahi... Ez duk pentsatuko, ba, beste gizon batekin...? Tira! -Hik aipatu dun horrelakorik, ez nik." Denok esaten ditugu gezurrak. Baita zuk zeuk ere, irakurle. Bizitza ezinezkoa izango litzaiguke gezurrik gabe. Bikotea: gezurra. Lagunak: gezurra. Familia: gezurra. Merkatu askea, estatistikak: gezurrak. Demokrazia: beste gezur bat. Euskal Herria: gezurra. Literatura: gezurra hor ere. Hala ere, hain dira garrantzitsuak etengabe kontatzen ditugun gezur horiek non, azkenean, benetakoak bihurtzen baitira. Edo ia benetakoak. Hori uste du, behintzat, liburua osatzen duten hogeita sei ipuin hauen egileak. Egia esan badigu, noski.

Bi bihotz, hilobi bat

by Ramon Saizarbitoria Zabaleta

Senar-emazteen arteko harreman zalapartatsuak dira eleberriaren muina. Zenbaterako mespretxatzen duen emazteak bere senarra! Izugarria da Florak arbuiorako duen gaitasuna, irain zahar baten mendeku errukigabea da harena: "gizon" ez izatea omen da senarraren errua. Salaketa horren atzean, baina, emakume konbentzional bat dago: familia, etxea eta kanposantuak dira Floraren munduaren neurriak. Sinplekeria baldar horren aurka gutxi egin zezakeen enziklopedia saltzaileak: abenturaren bat edo beste Bioletarekin eta, batez ere, komizitate igurtzi batez mozorrotu bere egoera mingarria. Patetikoa da senarraren egoera, eta algararaino komikoa hura indartzeko eleberriak darabilen tonua.

Traizioak

by Iban Zaldua González

Iban Zalduaren berrogei narrazio jasotzen ditu liburu honek, batzuk laburrak, luzeagoak beste batzuk. Traizioak ezkutatzen dituzte gezurraren itzalean: traizioa Iraultzari, Aberriari, Memoriari, Errealismoari, Literatura berari. Guztiak azaleratzen dira obsesioz, mamuz, lagunez eta etsaiez beteriko bilduma honetan. Berrogei traizio, berrogei ipuin. Honen antzekoak: "Hamasei urte bete zuen egunean, Judas Iskariotek Jesusek bidalitako papirozko eskutitz bat jaso zuen; irakurri ondoren errausteko agintzen zion, eta sekretua gordetzeko. Handik aurrera gertatu beharreko guztia azaltzen zuen, zehatz-mehatz, eskutitzak: non eta noiz elkartuko zen Judas apostoluekin, taldekoen diruzaina bihurtuko zela, eta, garrantzitsuena, Jesusi berari traizio egin beharko ziola, eta gero bere buruaz beste egingo zuela. Azken batean, traizio horren bitartez beteko zen Jesusen patua, eta hala frogatuko zuen berak, Judasek, Haren jarraitzailerik fidelena zela. Historiarentzat saltzaile doilorra izango zen Judas, baina Jaungoikoaren eskuinera eseriko zen ezinbesteko zerbitzu horren ordainean, erabakigarria izango zen eta haren ekarpena Kristoren Eliza eraikitzeko. Papiroak azaldu bezala gertatu zen dena. Judas ez dago Jaunaren eskuinera eserita, ordea. 2000. urtearen hasieran Israelgo arkeologo talde batek Judas Iskarioteren azkeneko traizioaren tresna topatu zuen Itsaso Hilaren ondoko haitzulo batean: haren testamentua, non egia osoa aitortzen baitu, eta, ondoan, Jesusek berak bidalitako eskutitz hura. Arkeologoen iritziz, dokumentuok luzaro irauteko utzi zituzten prestatuak".

Hamar manamenduak

by Xabier Etxaniz Rojo

"Prostitutekin harremanetan hasi zenez geroztik egin ohi duen gauza da iragarkiak azpimarratzearena. Sei iragarki azpimarratu ditu. Sei horien artean badago bat aspaldiko partez begiz jota daukana. Iragarkiak zera dio: Susi. Heldua. Dibortziatua. Goza nazazu senarrak gozatzen jakin ez zuen bezala. Apartamentu pribatua. Soilik arratsaldez. Fernandok telefonoa hartu eta iragarkian agertzen diren zenbakiak markatzen hasi da. Ahots leun bat agertu da telefonoaren bestealdean. "Susi naiz" dio ahotsak. Fernandok iragarkia irakurri duela esan dio, bai eta ea zer den senarrak gozatzen jakin ez zuena galdegin ere. Susiri ahotsa ezaguna egin zaio eta ea inoiz elkarrekin egonak diren galdegingo dio. Fernandok ezetz baina elkar ezagutuko dutela, gauzak prezio onean eginez gero, bederen. Musu truk gauza gutxi erantzun dio. Fernandoren irribarrea desagertu egin da bat-batean. Esaldiaren bukaera izan da segurtasun irribarrea ezabatu diona. "Capullito" hitza. Fernandoren burmuinak arrapaladan ekin dio pentsatzeari. "Capullito" hitza. Susi ohartu da isiluneaz. Bera ere hasi da pentsatzen. Segundo bat. Ahotsa ezaguna du. Beste segundo bat. Biak isilik. Zerbaitek Susiri bultza egin dio. Ezin jasan hirugarren segundo bat. "Fernando?" "Susana?" izan da Fernandoren erantzuna. Eta biek telefonoa dute eskegi".

Itzalak

by Iban Zaldua González

"Ohetik jaiki bezain pronto kontatu nahi izan zidan. "Ba al dakizu zer amets egin dudan bart? Abandonatzen ninduzula; beste emakume batekin elkartzen zinela. Ez nuen ezagutzen, baina jakin badakit ni baino gazteagoa zela. Umeak zurekin gelditzen ziren, noski, eta, ondorioz, etxetik alde egin behar zuena neu nintzen. Pisu konpartitu batera joan nintzen bizitzera". Irribarre egin nuen, zer bestela: beti egin dit grazia Arantzaren amesgaiztoen zehaztasunak; ni ez naiz sekula akordatzen neureez. "Eta norekin joaten zinen bizitzera, jakin ba daiteke?", galdetu nion. "Nekanerekin. Senarrak utzi berria hura ere". "Nekanerekin? Ez duzu apenas ezagutzen ba". "Bai, niri ere bitxia iruditu zait. Baina badakizu nolakoak diren ametsak", erantzun zidan. Haien bien etxebizitza berria deskribatu zidan ondoren, altzariak eta guzti. "Ba al dakizu, ordea, zerk izorratu ninduen gehien, ametsean? Ez zenidala ezer kontatu zure azkeneko liburuaren eskuizkribua zuzentzen amaitu nuen arte". Hori egia da: nekez aurkituko dut nire testuen irakurle hoberik, emaztea baino. Une horrek besarkada bat eskatzen zuen, eta besarkatu nuen Arantza, nola ez. "Nolako gauzak amesten dituzun, neska...", esan nion belarrira". Nekanek ez zuen txintik atera: eskua mesanotxerantz luzatu eta beste zigarro bat hartu zuen, eta txiskeroa. Keinu bizkor batez piztu zuen. Trinkoagoa egin zen logelako kea. Isilunea ez zen oso luzea izan. "Noiz kontatu behar diozu gure artekoa Arantzari?", bota zidan, espero nuen bezala. "Laster", erantzun nion Nekaneri, "oso laster. Nire azken liburuko kontrazaleko ipuina zuzentzen didan bezain laster".

Umeek gezurra esaten dutenetik

by Uxue Apaolaza

<P>Umeek gezurra esaten dutenetik leitzeko jarraibide batzuk. <P>1) Bilatu leku eroso bat irakurtzeko: besaulkia, ohea, belardi bukoliko bat. Edo ez: leku aldrebes batek balio diezazuke ere bai. Berdin-berdin sentiaraziko baitzaituzte deseroso liburu honetako orrialdeek. <P>2) Irakur ezazu egunean ipuin bat; bi, askoz jota. Hortik aurrera ardura zurea da soilik. <P>3) Kontuan har ezazu Uxue Apaolaza egile gaztea eta euskalduna dela, baina, hala ere, eta gezurra irudi dezakeen arren, ez duela literatura buenistarik egiten. Ez ezazu apalategian ipini Isabel Allenderen edo Paulo Coelhoren liburuen ondoan; ez ezazu irakurri, nik zer dakit, U2ren edo Mikel Urdangarinen azkeneko CDa entzun bitartean. <P>4) Jakizu Uxue Apaolazaren zakilak loditu egiten direla, ez tentetu edo gogortu, euskal literaturan ohikoa den bezala; horretan pixka bat pentsatuz gero konturatuko zara ñabardura ez dela hutsala. Eta litekeena dela hemendik aurrera ikusi, ukitu edota imajinatuko dituzun zakil guztiek tentetzeari edo gogortzeari utziko diotela, loditzen hasteko. Etengabe, koipetsuki. <P>5) Ez egin jaramonik jarraibide hauei: hauxe da hutsik gabe bete behar duzun erregela bakarra. Liburu batek, are gutxiago ipuin liburu batek, ez du instrukzioen beharrik. Liburu onez ari naiz, noski: axola duten liburuez. Hau bezalakoez. <P>6) Baina gogora ezazu liburu hau itxi eta mundu errealaren goxotasunera atzera itzultzeko esperantza galdu behar duzula: irakurri berri duzun azkeneko ipuinaren azkeneko lerrotik bista altxatu bezain laster konturatuko zara liburuko mundu berean jarraitzen duzula. Eta, okerragoa dena, bertan bizi zinela lehenago ere, Uxue Apaolazak zuretzat desestali aurretik.

31 baioneta

by Aitziber Etxeberria

DONOSTIA, "Opera Prima" SARIA 2007 1813ko uda da. Espainiako Independentziako Guda azkenetan eta tropa anglo-portugaldarrak gero eta hurbilago dauden arren, Napoleonen tropen menpe dago Donostia. Bere bizitza goitik behera astinduko duen bisita egingo dio François soldadu frantsesak Uliako Beatrizi. Ezezkorik onartuko ez duen eskaera soil bat du esku artean, pairatzen duen ikusmen arazoa sendatzea. Soldaduak badaki garai batean Beatriz petrikiloa izan zela eta baita Inkisizioarekin arazoak izan zituela ere. Iragana harrotu eta bere familia arriskuan jarri nahi ez badu, erronka onartzea beste aukerarik ez zaio geratuko alargunari. Guzti hau gutxi balitz, Donostiak jasango duen guda giro, setio eta suteak, egoera oraindik gehiago laztea baino ez du lortuko.

Zergatik panpox

by Arantxa Urretabizkaia Bejarano

Zergatik Panpox nobelagilearen lanik biribilena da. Lagunak alde egin ondoren emakume batek bere haurrarekin bizi duen egun normal bat kontatzen digu nobelak. Goizean goizetik gosaria eman, ikastolara joan behar dela hurrengo, arratsaldean jaso... lotara eraman arte, eta protagonista bera oheratu arte egin eta burutik pasatako gogoetak dira nobelaren edukia. Txema lagunaren ausentzia oroitzapen huts baino zerbait gehiago da nobelan, emakumearen gogoeta gehienetan dago haren ausentzia. Bakardadea sentitzeko ere ia tarterik gabe dago emakumea, halakoxea baita bere bizitzaren atze-aurrea. Baina tartetxo bakan horietan isurtzen da nobelara etxetik alde egin zuen lagunaren oroitzapena. Emakumea da kontalaria, eta emakumearen sentsibilitate unibertsalenetik dago kontatuta nobela, haren sentimenduak guztionak baitira. Virginia Woolf-en Mrs. Dolloway nobelako sentsibilitatea ez dago Urretabizkaiaren nobelatik urrun. Zergatik Panpox-ek ere egun batera errenditzen du kontatutako esperientzia literarioa.

Tobacco days

by Anjel Lertxundi

Gipuzkoako kostaldeko herri bat da eleberri honetako istorioen gertalekua. Udako turista-bisitarienak ez bezala, itsas herri horretako bizilagun askoren egunak -eta batez ere, gauak- arazo, kezka eta urduritasunez gainezka ageri zaizkigu. Izan ere, kontrabandoak, tabako kontrabandoak hain zuzen, bere barne-arau, kodigo eta pikareska ditu. Zinema beltzak hain ohituta gauzkan hanpako munduaren harreman korapilotsu eta gatazkatsuen isla urruna bihurtzen da kontrabandoaren mikromundu hori: boxeoaren munduko etengabeko aipamenen artean, taberna zuloak eta karta-jokoak, mafioso itxurako nagusiak eta kontu-garbitzeak, hilketak, salatariak eta xantaiak, goardia zibilaren saldukeria... Hori guztia da Tobacco days izenburu zinemadun honen mundu narratiboa. Zinemaren munduari eskainitako omenaldi xumea.

Gauak eta hiriak

by Ur Apalategi

<P>Felix, Antton eta Muriel gazteak dira eleberri honetako pertsonaiak, eta gaztaroaren heziketa sentimental osoa biltzen da hiruren arteko harremanetan: maitasuna eta jelosia, adiskidetasuna eta gorrotoa, baita bizitzako sasoi horretan hain ohikoak diren konplexuak ere. Nahiak eta ezinak. Gaua, hiria eta gaztaroa dira, beste maila batean, eleberriko protagonista nagusi eta boteretsuak. Esan gabe doa, gaua nagusitzen denean gazte jendeak hartzen ditu kale, taberna eta pubak. Kale horietan sortu, garatu eta mamitzen dira maitasuna eta gaztetasunaren irrika eta afanak. <P>Oso giro urbanoa eta urduria da eleberriaren muina. Horrekin guztiarekin batera, giza sentimenduetan barneratzeko zorroztasuna da eleberri bizi, egun-eguneko eta sikologikoki kupidagabe honen ezaugarririk aipagarriena.

Galtzontziloak autobusean zintzilik

by Aritz Gorrotxategi

Kurtso amaierako bidaia batean Tuneza jauzi egin zuten hiru lagun euskaldunen eleberrian emandako kronika jasotzen du narrazio honek. Langabezia zain zuten itzuleran, eta nolabait, bazekiten sei egun haiek zirela tren berri bat hartu aurreko azken geltokia. Handik itzuli ziren pertsonak ez ziren, jada, hasierako berdinak. Tartean, labirintu moduko merkatuak, "dromedarioaren sindromea", bidaia turistikoak, Islama eta mezkitak, euskaldunaren beldur atabikoak, Tunezeko historia nahiz kondairak, taxi zaharrak eta auzune zuriak, kontsularen alaba edo emakume misteriotsu bat, Darth Vader eta Ben-Hur, infernua eta paradisua, erregateoak, etorkizun iragarleak, Ali-Babaren diskotekak eta musika arabiarra, oasiak eta txirotasuna, gizakiari buruzko gogoetak... Ekialdea ezagutzeko modu umoretsu bat planteatzen digute hiru lagun hauek. Ekialdea eta Euskal Herria, tuneztarrak eta euskaldunak, kontrastea etengabe bilatuz, hiru lagunak euren buruak biluzten ikusiko ditugu, haien zalantza eta miseriak azaleratuz. Azkenik, galtzaileen istorioa ere izan daitekeen honetan, euren buruez barre egiteko gai direla erakusten digute hiru protagonistek. Horrela izan ezean, absurdoa da bizitza.

Hamar urte barru

by Joxe Belmonte Fernández de Larrinoa

1973an egindako argazki bat dago eleberriaren argumentuaren oinarrian: lau mutil gazte ageri dira argazki horretan, Gorbeia mendiko gurutzearen aurrean. Hamar urteren buruan, 1983an beraz, berriro ere elkartuko direla agindu diote lau mutilek elkarri. Azken urteetan, ordea, izugarri urrundu dira elkarrengandik: bata erbestetik itzuli berria da, ezker abertzalearen munduan murgildurik bestea, talde bakezaleen oinarrietara lerrotua hurrengoa, eta droga, prostitutak eta poliziari emandako informazioa txandakatzen dituena azkena. Politikoki, sozialki eta sentiberatasunaren aldetik lau muturretan jarrita daude, beraz, eleberriko protagonistak. 1979tik hasita, hurrengo urteetan Euskal Herriak bizitutako zenbait pasadizo dabil narrazioan bueltaka: gerra zikina, atentatuak, manifestaldiak eta bakearen aldeko jarduerak. Zarata eta burrunbots horren zimurretan, berriz, bizitza, maitasuna eta mundu gogorrak. Bilbo hiritzarraren bihotzetik kontatuta dago eleberria, gordin eta gogor. "Hard times": heriotza garaile.

Egunero hasten delako

by Ramon Saizarbitoria Zabaleta

Gazteak dira eleberri honetan protagonista positiboak. Bi ezaugarri biltzen dituzte bere alde: gazte izatea eta artean bizitzeko geratzen zaien bide luzea. Ilusioa eta esperantza. Baita alaitasuna ere. Eta hori guztia, beraientzat, baita Gisèle Sergier-rentzat ere, abortatu beharraren pasadizoak une miserable, maltzur eta hipokrita asko ikustera kondenatutako neskarentzat, beraientzat diot, egunero hasten dira bizitzak eta aukera berriak. <P><P>Marmarrean isildu gabe ari den gizagaixoak -hitz egiten ari den bitartean gutxienez bizirik diharduelako ustean, seguru asko- aldarte umoretsu eta alaia erabili arren, bere jardunaz bestaldera gelditzen zaion mundua melankolia igurtzi batez kutsatzen du maiz: bizitzak egunero gauza jakinak dakarzkio. Bigarren protagonista berritsu horren marmarrean ironiak hartzen du gaina eleberrian: aldi berean da narratzailea behatzaile eta kontalari, aldi berean da zelatari eta murmuratzaile. Horra hor artista modernoaren eredua. Horra hor azken hogeita hamar urte pasatxotan irakurleriari huts egin ez dion eleberri ederra.

Haur besoetakoa

by Jon Mirande Ayphasorho

Gaiari buruz, berriz ere, euskaldun prestu, ongi-pentsatzaile eta kristauari hain izugarri iruditzen bazaio ere, begirik miopeenak ikusi beharko du amodio horiek ez direla lizunak, haragiaren grina desordenatu eta desonestoak ez duela bertan lekurik hartzen, libidoaren indarra absente dagoela bertatik, gure erromantikoen denbora zaharretan mendi-mendian Mirentxu eta Maitena baten amodioak ez zirela garbiagoak izan; azkenean amodio horrek gorputzez bere burua eta amaiera hartzen baldin badu, funtsean sinbolo bat dela, errebeldiazko azken garrasi zoro bat, gizarte intolerante baten kontrako aldarri desesperatu bat. Eta Miranderen liburutik har dezakegun ikaskizun harrigarriena, hau da: Obra hau, libertateari eskainitako kantu bat dela; gezurra badirudi ere. Munduko hippiek inposiblearen bazterretan libertate amesgarri horri dedikatutako abesti eder, gaitz eta ezin bat. Hitz bitan esan beharko bagenu "Haur besoetakoa" zer iruditu zaigun, honela esanen genuke dela: ikaragarritasunean mamitutako edertasun inposible bat. GABRIEL ARESTI

Ulises: Homeroren Odisearen bertsioa

by Juan Kruz Igerabide Álvaro García Lema

Troiako hiri handia errautsetan geratu zen, akaiarren Zaldi erraldoiaren hankapean errendituta. Troiako harresien gainetik suntsiduraren azken suak artean itzali gabe zirela, Ulises, beste hamabi ontzirekin batera, Itakako bidean jarri zen. Baina ekaitz izugarri batek etxerako bidetik urrundu zuen Ulises, eta itsasoko ur eta lur gupidagabe bezain arrotzetan ostatu hartzera kondenatu. <P><P>Paisaia horretan, gizakion edo mundutarron mugaz harantzago ordurako, gertatzen dira Ulisesen abentura paregabeak: Kalipso eta Zirtze erdi-jainkotiar eta emakume liluragarriena, Polifemo begibakarraren eta lestrigoniarren pareko munstro haragijale beldurgarriak, itsas-lamien kanta xoragarria edo hildako itzalen erresumako (Hades) joan-etorria. Grekoen kasuan bezala, gure irudimen munduan ere, leku berezia dute Peneloperen irrikitan afanatu ziren ezkongaiek, hogei urte igaro arren bere nagusia usnatu ondoren Heriok betiko eraman zuen Argos txakurra, Telemako ausart, baina artean gaztearen, nahi eta ezinak, Ulisesen mendeku errukigabea... <P><P>Abenturaren erresuman gaude bete-betean. Narrazio petoaren gailurra da liburu hau. Ulisesen aspaldiko ibilera haiek mendez mende hutsik egin gabe hunkitu dituzte entzule eta irakurleak. Mendebaldeak eman duen abenturazko eleberririk zoragarriena da.

Marina Suredaren amets urratuak

by Joxe Belmonte Fernández de Larrinoa

Marina Sureda 44 urteak betetzeaz batera nortasun-krisialdi batera heltzen da. Semea etxetik joan da, senarrak ez du jadanik asebetetzen, eta Mallorcako eguneroko monotoniak itotzen duela sentitzen du. Kinka larri horretan dagoela maitasun hitz batzuk jasoko ditu, hamalau urte atzerago ezagututako gizon baten maitasun-aitormenak. Aitormen horiek egin zezakeen eta egin ez zuenagatiko arrangura ekarriko diote, baita irlatik alde egiteko adorea ere, gizon hark emakumeari ere axola ziola agertuz. Galdutako ustezko maitasun haren bila abiatzen da, baina gizon harekiko topaldia ez da erraz gertatuko, direnak ez baitira beti uste izan direnak, ezta uste direnak izan direnak ere. Bilaketa horretan, egoera nahasgarri horretan, guztiz arrotz egiten zaion eszenategi batean agertzen da, Euskal Herrian. Lekuz kanpo dago, horrela sentitzen da. Hala ere, ustekabean, hor, etxetik ehundaka kilometrora, etorkizuna jorratu nahian, bere iragana irauliko dioten gertaera batzuk deskubrituko ditu, maitasun-istorioa thriller bihurtuta.

Azukrea belazeetan

by Inazio Mujika Iraola

Azukrea belazeetan

Linkon

by Antton Olariaga Inazio Mujika Iraola

Soinujole berria dator aurtengo jaietarako hiru muinoek zaintzen duten auzunera: Pello. Harekin datoz behor gorria eta ahuntza. Behorraren gainean, erretratatzeko makina eta eskusoinua. Argindarra ere aurten iritsiko da Auzunera. Hiru laguntxo elkartu zaizkio Pello soinujoleari eta ahuntzari. Bost lagunak elkarrekin jolastuko dira uda eder batean.

3 Mariak

by Arantxa Urretabizkaia Bejarano

Kalera irten, egunero irteten ginen, are alargundu osteko neguan eta udaberri euritsu hartan. Gorrik buru belarri sinesten du onuragarria dela kalera irtetea, nuragarri ibiltzea eta, era berea, jendea ikustea, gure etxean egunero bisitaren bat bagenuen ere. Hori bai, protesta egiten zuen euria zen bakoitzean. Gero esango dute adinarekin itzali egiten direla grinak, ahuldu. Normalean, jendeak zahartzaroari buruz hitz egiten duenean, berari gertatzen zaiona orokortzen du edo, bestela, jaiotza agiriak bizitza osoa gobernatu behar balu bezala jarduten du. Zaharregia zara bizitza berri bati ekiteko, esan zidan semeak eta gorrotoa gorde zalea ez banaiz ere, ez dut oraindik esaldia ahaztu. Esan dezaket, nire kasuan, gaztetan nituen grina eskasak itzali egin direla eta hori, niretzat, zahartzaroaren abantailetako bat da. Gorri, ordea, esango nuke, zenbat eta zaharrago, orduan eta grinatsuago dela edo hori esaten dit, behintzat, berez gezurtia den memoriak.

Txatartegirako ipuinak

by Xabier Etxaniz Rojo

Udaltzaingoaren auto batek kalea mozten zuen. Haren atzean, Ertzaintzaren auto andana. Are atzerago behinola auto bat izan zena. Handik metro batera estalki hori bat. Haren azpian gorpu txikitu bat. Huraxe zen ordu batzuk lehenago iruditutako eszenatoki makabroa, eta Iñaki demas izorratu zuen hutsik ez zuela egin ohartzeak. Inguruko etxeei erreparatu zien. Pertsiana gehienak jaitsita zeuden, eta une batez bere buruari galdetu zion ea noiz utziko zion kristalgintzak negozio bikain bat izateari. Gero jendeari erreparatu zion, plastikozko zinten atzetik jakinmina asetzen zuten pertsona haiei guztiei. Gero, txano baten azpian aurpegia estaltzen zuten ertzainei. Autotik atera gabe, Iñaki atrezzoari begira egon zen luzaroan. <P><P> Atrezzoari begira protagonistari ez begiratzearren. Bihozkadaren zama gainetik kendu nahian. Bihozkada gainetik kentzeko beldurrez. Eta pentsatu zuenmiaketa egiten ari ziren txanodun horiengana joatea zeukala eta gorpu haren zatiak ezagut zitzakeela jakinarazi, txikitako lagun baten hatzak zirela biltzen ari ziren haiek.

Refine Search

Showing 251 through 275 of 315 results