Browse Results

Showing 251 through 275 of 315 results

Kandinskyren tradizioa

by Ramon Saizarbitoria

Behin batean, amak liburutegitik jaso ohi zituen liburuen artean, Kandinsky eta ni izenburukoa atzeman nuen, pintorearen alargunak idatziriko memoria liburu bat, zeinean oso anekdota bitxia ageri den. Dirudienez, antzinako ohitura bati jarraiki, tsarren Errusian, Urtezahar eta Urteberri arteko gauean, neska gazteak kalera ateratzen ziren aurkitzen zuten lehendabiziko gizonari izena galdetzeko, ustea baitzen hura bezala deitzen zen batekin ezkonduko zirela. [...] Anekdota irakurri nuenean abenduaren lehendabiziko egunetan geunden eta, auskalo zergatik, horrelako eroaldiak izaten baititugu, zera sartu zitzaidan buruan, Errusian balekoa zenak balio behar zuela hemen, eta erabaki nuen neuk ere, Kandinskyren emazteak bezala, saioa egin behar nuela. Hauxe da liburuaren hasiera distirantea. Aitor eta Manu: bi izen, bi izakera, bi sentipen, Mirenen bizitzan. Aitor ala Manu izan, egiazkoa ala fantasiazkoa izan, maitasuna bera da maite duguna.

Koaderno gorria

by Arantxa Urretabizkaia Bejarano

Aspaldi honetan eleberriak argitaratu gabe egon ondoren, Koaderno Gorria aurkeztu digu Arantxa Urretabizkaiak. Arrazoi politikoak tarteko zirela, emakume bat bere senar eta umeak utzi beharrean aurkitu da. Hasiera batean distantziak baizik ez zuen bereizten familia. Halako batean, ordea, senarra eta umeak erabat desagertu zaizkio bizitzatik. Ez du hurrengo zazpi urteetan haien paraderoaren berririk izango. Une horretantxe irudika genezake eleberriaren abiapuntua: nola iritsi umeekin harremanak izatera, nola ikusi oraindik umeek gogoan duten ala amaordekoak bete duen osorik haren lekua... Horretarako bidali du Venezuelara mezularia, eta haren eskuetan jarri Koaderno Gorria. Bi planotan dago antolatuta eleberri hau: mezulariaren ikerketa eta mugimenduak, batetik, eta amaren oroitzapena erabat estali ez zedin amak berak idatzitako aitormena, bestetik. Koaderno gorri hau primeran antolatu eta soluzionatutako eleberri hunkigarria da.

Romain zen bere izena

by Joxean Agirre Odriozola

Mantso idazten duen egilea dugu Agirre, bere kazetari-lanean presaka aritu behar duelako beharbada; orrialde bakoitza luze pentsatu, esaldi bakoitzari bueltak ematen dizkio, gustura geratu arte, eta igartzen da gero emaitzan, kalitate handiko testuak lortzen baititu. Nobela hau sortzeko Joseba Jaka literatur sorkuntzako beka jaso zuen, eta haren laguntzaz egin du orain irakurleok dasta dezakegun obra sorgingarri hau: Romain zen bere izena. Literaturazale guztiak txoraturik eta jakin-minez dauzkan idazle baten bilaketak osatzen du nobela sorgingarri honen bizkarrezurra. Balizko idazle horren emazteak senarra hiltzen du liburuaren hasieran, bere bizimodu ezkutuaz nazkaturik nonbait, sekretua behingoz argitzeko gogoz; misterioa konpondu ordez gero eta gehiago korapilatuko da, ordea, irakurlea txunditu eta dibertituko duten bihurgune ustekabekoetan. Protagonista eta kontalaria idazle ezkutuaren peskizan dabilen Ikerketa Batzordeko kide bat den arren, mataza polizialaren hari-muturrak galdu eta nahastu egiten dira etengabe, egileari interesatzen zaizkion gaiei tokia egiteko: arteari eta artistari buruzko gogoeta mamitsuak, esaterako, edo emakumearen gaineko kontenplazio deboziozko bat, gure literaturak inoiz eman dituen orrialde erotiko delikatuenak osatzeraino, ironiaren galbahetik iragazita betiere. Pasarte antologikoz beteriko obra sendo, jostalari eta harrigarri bat osatu du Joxean Agirrek, tolesdura bakoitzean irakurketa berri bat, zirrikitu bakoitzean ihesbide bat proposatzen diguna. Berak hainbeste miresten dituen kultuzko egile horietako bat bihurtua, ia-ia.

Van't Hoffen ilea

by Unai Elorriaga Lopez de Letona

Ministerioko funtzionarioa da Matias Malanda, bere arloan onena nonbait, eta proiektu bat dela-eta iritsi da Idusera, lan hori zertan datzan inork argi ez badaki ere. Etxez etze ibiliko da bere grabagailua hartuta, herriko pertsonaia berezienen bizitzak jasotzen, ustez, asmo horren atzean beste helburu batzuk gordetzen diren arren. Tipula-azalen antzera, misterio bat ezkutatzen da beste misterio baten azpian, kontakizunak aurrera egin ahala irakurleak argituko dituenak. Bien bitartean, mikroipuin ugari topatuko ditugu, jende bitxiaren biografia moduan: xake-mota arraro batean jokatzearren ondasun guztiak saldu zituzten anaia bien istorioa, presoen agiriak falsifikatuta garaia baino lehen kaleratzen zituen kartzelako idazkariarena, artazi formako museo bat eraiki zuen arkitektoarena... Bere estilo bereziaz idatzi du Elorriagak bigarren eleberria: gauzak hitz erdika esanez, elipsien bidez sujerituz, testuan eztanda eta txinparta etengabeak bilatuz. Istorio xelebre guztion atzean, ordea, gizatasuanren taupada beroa nagusitzen da, begirada pikaro batekin aldi berean irri eta keinu egiten diguna.

Borondatezko morrontzari buruzko mintzaldia

by Juan Kruz Igerabide Sarasola Étienne de la Boétie

Jende dohakabe gaixoa, herri burugabea, gaitzean tematurik eta onuraren aurrean itsu zaudeten nazioak! Ondasunik eder eta argienak kentzen uzten duzue muturraren aurrean, zuen soroak suntsitzen, zuen etxeak lapurtzen eta zuen arbasoek utzitako altzariak bipiltzen! Bizi zareten moduan, jada ez da ezer zuena. Badirudi, gainera, zorion handitzat hartzen duzuela zuen ondasunen erdia kentzea, familiaren erdia, bizitzaren erdia. Eta kalte horiek guztiak, zoritxar horiek guztiak, hondamendi hori guztia, ez datozkizue etsaiengandik, baizik eta etsai bakar batengandik, izatea zeuok eman diozuen harengandik; eta haren alde zoazte adoretsu gerrara, eta haren ospearen alde zuen bizia eskaintzeko ere prest zaudete. Baina gizandi horrek ez du bi begi besterik, bi esku besterik, gorputz bat besterik, hots, gure hirietako ezin konta ahala biztanle horietako edozeinek daukana baino gehiagorik ez.

Entzungailua

by Karlos Linazasoro Izagirre

Gorraizea daukala-eta, eta entzungailua jarri behar du belarrian istorio honetako protagonista eta kontalariak. Hortik abiatuta, nobela harrigarri bat garatzen du Karlos Linazasorok: elementu autobiografiko zenbait hartuz eta parodiatuz, bikotearen egunerakotasunaren gazi-gozoiak azalduko dizkigu, bere lehen liburua egin nahi duen idazlearen nahiak eta ezinak, bizitzak edozein unetan agertzen diazkigun aurpegi zentzugabeak... Egileraren nortasuanz gainea, umorea da eleberri osoaren lokarri nagusia, batzuetan ironiara eta besteetan absurdora jotzen duen omore fin bat, irribarrea inoiz galdu gabe eramengo gaituena orriz orri.

Ez gara berdinak baina berdin da

by Severino Calleja Pérez

Ikasturte berria: Ana eskolara itzuli da eta bertan, gelan betiko lagunekin taldea osatu partez, iraskasleak beste lagun batzurekin jarri du. LAGUNAK izena osatzen dute talde honetako ikasleek, Anarekin batera Ghanako Aseye, Hungariako Lian, Brasilgo Noemí, Txinako Guang eta Marokoko Khaled daudelako.Ikasle horiek ez dira Anaren berdinak, eta horregatik anaiarekin zenbait burruka egin behar baditu ere, neska oso gustura dago laguntxo berriekin.

Hamar manamenduak

by Xabier Etxaniz Rojo

"Prostitutekin harremanetan hasi zenez geroztik egin ohi duen gauza da iragarkiak azpimarratzearena. Sei iragarki azpimarratu ditu. Sei horien artean badago bat aspaldiko partez begiz jota daukana. Iragarkiak zera dio: Susi. Heldua. Dibortziatua. Goza nazazu senarrak gozatzen jakin ez zuen bezala. Apartamentu pribatua. Soilik arratsaldez. Fernandok telefonoa hartu eta iragarkian agertzen diren zenbakiak markatzen hasi da. Ahots leun bat agertu da telefonoaren bestealdean. "Susi naiz" dio ahotsak. Fernandok iragarkia irakurri duela esan dio, bai eta ea zer den senarrak gozatzen jakin ez zuena galdegin ere. Susiri ahotsa ezaguna egin zaio eta ea inoiz elkarrekin egonak diren galdegingo dio. Fernandok ezetz baina elkar ezagutuko dutela, gauzak prezio onean eginez gero, bederen. Musu truk gauza gutxi erantzun dio. Fernandoren irribarrea desagertu egin da bat-batean. Esaldiaren bukaera izan da segurtasun irribarrea ezabatu diona. "Capullito" hitza. Fernandoren burmuinak arrapaladan ekin dio pentsatzeari. "Capullito" hitza. Susi ohartu da isiluneaz. Bera ere hasi da pentsatzen. Segundo bat. Ahotsa ezaguna du. Beste segundo bat. Biak isilik. Zerbaitek Susiri bultza egin dio. Ezin jasan hirugarren segundo bat. "Fernando?" "Susana?" izan da Fernandoren erantzuna. Eta biek telefonoa dute eskegi".

Hura abentura!

by Karlos Santisteban Zimarro

Funtsean abentura-istorioa da. Protagonistak, neska eta mutil bat, kezkaturik daude ikasturte berrian ikastolan hasieratik elkarrekin egon den lagun-taldea desegin eta beste gela batzuetan banatu behar delako. Badute lagun batzuk aukeratzerik eta, aukera zaila den arren, Iratik argi eta garbi du Iker nahi duela bere ondoan, izan ere beti gustatu zaio. Azken eskola-egunean maisuak ezusteko sorpresa eman die: denak elkarrekin egongo dira kanpamentu batean eta, hasiera-hasieratik hamaika abentura biziko dituztela agindu die. Azkenean, Irati eta Iker bakarrik murgilduko dira abentura zoroan eta hainbat egoera larritan hausnartzeko eta elkarri hamaika galdera egiteko parada izango dute. Errealitatea eta ametsak nahasten dituen irudimenezko abentura da, azken finean. Ea gustatzen zaizuen!

Ipuin batean bezala

by Joan Mari Irigoien Aranberri

Amodioaren gazi-gozoa dakarkigu Joan Mari Irigoienek eleberri eder honetan; maitasuna baita pertsonaien motor eta akuilu, maitasuna halaber beren buruhausteen iturburu. Sararen eta Anderren bizitzak buelta asko emanak ditu elkar ezagutu baino lehen. Maitasunaren era bizimodu alternatibo baten atzetik joan zen Sara, etxea, lana eta familia utzitza, Granadako Alpujarretara; urte ezti batzuen ostean zoritxarra iritsi zen, eta gero drogaren zuloa, eromenaren infernua... Ander, berriz, etsiak jota dago ia-ia bizitza sentimentalari dagokionez. Eta horra non sortzen den, porrotaren hautsetatik, amodioaren txoria zerua hegaka.... Goxo eta garratzak dira aldika pertsonaien pasadizoak, halakoxea delako bizitza ere, gogorra eta leuna, malkoa eta irria tartekatzen dituena. Horregaitik esan liteke bizitzaren aldeko kantu bat dela sakonean IPUIN BATEAN BEZALA, zoritxarrez gainetik beti baitaude bizi pozerako arrazoiak, gaitzen zirrikituetatik aurrera egingo baitu beti biziak.

NAHI DUZU IZAN NIRE AHIZPAREN MUTILA?

by Mikel Garmendia Ugarte Maite Carranza i Gil Dolz del Castellar

Alizia dut izena eta Sonia izeneko arazo bat daukat. Sonia nire ahizpa da eta tratu txarra eman dit jaio nintzenetik. Orain dela hamaika urtetik hona tratatzen nau gaizki, gau eta egun, baina adin txikikoa denez, ez dute kartzelan sartzen eta ezin diote epaiketarik egin, naziei bezala, pertsona errugabeak torturatzeagatik. Gainera, nire gurasoen urtez, oso normala da guztia, Sonia nerabea delako eta horrek den-dena zuritzeko balio du.

Azeri-zuloa

by Peio Esnal Ormaetxea

Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak antolaturiko Joseba Jaka literatur beketako II. deialdian Pello Esnalen proiektu bat saritu zen gazteentzako literatura alorrean, eta orain aurkezten diegu euskal irakurleei, egitasmo zena liburu bihurturik. Erreformatoriora eraman dute Andoni, bere herritik indarka aterata. Askatasuna galduko du mugimendu guztiak neurtuta dauden etxe horretan; guraso eta senideak galduko ditu bera bezalako mutil zigortuak besterik ez dauden eremu itxian; eta izena ere galduko du, Antonio deitura ofiziala eman baitiote fraile eta irakasleek, Txatxarolas ezizen mingarria itxiturako kideek. Biziak ez du etenik ordea. Rofekort deitzen dioten erreformatorio horretan egun orok du bere abentura, handi nahiz txikia, eta eguneroko gorabehera horietan aurkituko ditu Andonik bere kezkak eta bizigarriak: eskolako larrialdiak direla, futbol-partiduetako poxak direla... Rokeforteko biztanleetan ere denetik topatuko du, irribarrea eta laguntza eskaintzeko prest dauden lagunak, bai eta azpikerietan dabiltzan zipotzak ere.

Bi bihotz, hilobi bat

by Ramon Saizarbitoria Zabaleta

Senar-emazteen arteko harreman zalapartatsuak dira eleberriaren muina. Zenbaterako mespretxatzen duen emazteak bere senarra! Izugarria da Florak arbuiorako duen gaitasuna, irain zahar baten mendeku errukigabea da harena: "gizon" ez izatea omen da senarraren errua. Salaketa horren atzean, baina, emakume konbentzional bat dago: familia, etxea eta kanposantuak dira Floraren munduaren neurriak. Sinplekeria baldar horren aurka gutxi egin zezakeen enziklopedia saltzaileak: abenturaren bat edo beste Bioletarekin eta, batez ere, komizitate igurtzi batez mozorrotu bere egoera mingarria. Patetikoa da senarraren egoera, eta algararaino komikoa hura indartzeko eleberriak darabilen tonua.

Justizia nire esku

by Maialen Zubeldia Aranburu

Justizia nire esku liburu honetan ageri diren ipuinak oso gordinak dira, gogorrak, zapore mingotsa uzten dutenak, baina aldi berean biziak, interes handiaz irakurtzen direnak, eszenak zineman bezala atzera eta aurrera egiten dutelarik, ia-ia begiekin ikusteraino. Narrazio hauek gazteentzako eginak direla esango nuke, bertan jorratzen diren gaiak eta kontatzeko era gaurko gazteek gustukoa dutelako. Eta baita ere egilea oso gaztea delako eta bere inguruko gazteek era eta estilo horretako narrazio eta liburuak irakurtzen zituztelako 15-18 urte bitarteko gazte sasoi horretan.

Rossetti-ren obsesioa

by Ramon Saizarbitoria Zabaleta

"Eta, azkenean, pare bat jolas metaforikorekin luzatu ondoren, alegoriak utzi, eta bere ipurmasailak aipatzen nituen besterik gabe. Ipurmasail biribilek zoratzear nindukaten, irrealitatetik -batzuetan duda egiten bainuen existitzen ote ziren- egiazko bizitzara nindekartelako. "Amets huts zinena gorpuztu egin zara, zure ipurmasailak dakuskidalako", eta bide horretatik, "zutaz ase nahi dut, zure ahotik edan...". Ez dut uste ulertu ahal izateko gehiago esatea merezi duenik, kontuan hartuta ez dela hau, inondik ere, harro sentiarazten nauen oroitzapena. Ez dakit nola izan nintzen horren ausarta, kontuan hartuz ere errazago dela horrelako gauzak izkribuz esatea. [...] Telefonoz deitu zidan, goizez, eta berehala jakin nuen eragin positiboa lortu nuela izkribuarekin. Bestela izan balitz ez zidan deituko, noski, baina, horretaz gain, nor da? galdetu nuenean, bizitza osoan ordu arte entzundako doinurik sentsualena entzun nuen. Zin dagit belusezko ahotsak existitzen direla. "Maite zaitut" esan zidan, zeta gaztelaniaz ahoskatuz. "¿Lo digo bien?". Baietz erantzun nion noski. "Qué maravilla" esan zidan, "qué bien escribes, me tienes anonadada". Antzeko baieztapen zerrenda luze baten ondoren, ea ba al nekien non zegoen galdetu zidan, eta nik, noski, ezetz; nola jakin behar nuen. "Ohe gainean nago etzanda" esan zidan. "Estoy tumbada encima de la cama y tengo los muslos calientes, tío". Pentsa daitekeenez, ezin nuen listurik irentsi. Harriturik nengoen portaera harengatik, eta harro nire literaturaren eraginagatik. Irakurtzen ari nintzen liburua esku artetik erori zitzaidan".

Barkamena, kondena, tortura

by Joxe Azurmendi Otaegi

Gure bizigiro politikoan egunero entzuten ditugun kontzeptuei buruz ari da Azurmendi liburu honetan; ez, baina, eslogan berak behin eta berriz errepikatuz gure belarriak zulatu eta burmuinak nahieran moldatzeko, ezpada ideia horien sakoneko esanahiak aztertu eta ur lohi horien iturri zaharrak argitzeko. Damua, barkazioa, garaile eta garaituak, esijentzia etikoak, bizikidetzarako baldintzak, erru kolektiboa, helburu eta bitartekoen zilegitasuna, bortxaren kondena bezalako leloak haztatu ditu egileak, alea eta lastoa bereiziz eta jantzi demokratikoz saldu nahi dizkiguten errezeta totalitarioak salatuz. Azken urteetan idatzitako hiru saiakera labur bildu dira lan honetan, eta hiruretan ere hari bat: garai batean Eliza bezala, gaur egun Estatua ari dela bihurtzen gure kontzientzien kontrolatzaile zuzen eta zorrotza, komunikabide lagunen eta ustezko intelektualen kolaborazio ezinbestekoz.

Egun denak ez dira berdin

by Xabier Etxeberria Garro

27 urte bete berri ditu Tasio Ardanazek: ez lanik, ez neskarik, inoiz ezer taxuzkorik egin ez eta aspertua dago bizitzaz, ezertarako ilusiorik gabe. Egun batean, ordea, auto-istripu baten ondotik eraztun bat deskubrituko du hildakoaren eskuan, zer edo zer ezkutua sumatuko du hor, eta misterioa argitu nahian hasiko da. Detektibe-istorio hankazgoratu bat aurkituko du irakurleak nobela honetan, Miren izeneko tabernari baten maitasun eta bakardadezko kontakizun hunkigarria ere bai, gaurko gazteriaren erretratu zorrotz bat, epikatik eta topikoetatik ihes egiten duena, eta askoz gauza gehiago.Indartsu dator Etxeberria letren plazara, erregistro eta estilo ugari menderatuz: intriga, pertsonaien psikologia, amodio-kontuak, umore batzuetan beltz besteetan ironikoa... Hori dena, erritmo bizi eta idazkera arin batekin: esaldi laburrak, kaleko hiztegia, espresibitate handia... Hitz batean esanda, ezagutu beharreko idazlea.

Gauak eta hiriak

by Ur Apalategi

<P>Felix, Antton eta Muriel gazteak dira eleberri honetako pertsonaiak, eta gaztaroaren heziketa sentimental osoa biltzen da hiruren arteko harremanetan: maitasuna eta jelosia, adiskidetasuna eta gorrotoa, baita bizitzako sasoi horretan hain ohikoak diren konplexuak ere. Nahiak eta ezinak. Gaua, hiria eta gaztaroa dira, beste maila batean, eleberriko protagonista nagusi eta boteretsuak. Esan gabe doa, gaua nagusitzen denean gazte jendeak hartzen ditu kale, taberna eta pubak. Kale horietan sortu, garatu eta mamitzen dira maitasuna eta gaztetasunaren irrika eta afanak. <P>Oso giro urbanoa eta urduria da eleberriaren muina. Horrekin guztiarekin batera, giza sentimenduetan barneratzeko zorroztasuna da eleberri bizi, egun-eguneko eta sikologikoki kupidagabe honen ezaugarririk aipagarriena.

Gezurrak, gezurrak, gezurrak

by Iban Zaldua González

"Joxe heldu eta gutxira azaldu zen Marga: -Zer? Zer moduz hire koadrilakoekin? -Eta hi? Izan al haiz etxe zaharrean? Zelan daude landareak? -Erruz ureztatu ditiat, erosi huen ongarri hori gehitu zioat urari, oso pozik jarri dituk, badakik nolakoak diren. Salako ateari berniza eman zioat, bide batez. Isilunea. -Handik natorren, eta ez haiz bertan arratsalde osoan egon. Bigarren isilunea, are sakonagoa. -Beno, motel, eskolan katigatu gaitiztek, badakik nola gabiltzan bilerekin eta gurasoekin, ez diat hara joateko astirik izan, eta ez hindudan landareen kontuarekin larritu nahi... Ez duk pentsatuko, ba, beste gizon batekin...? Tira! -Hik aipatu dun horrelakorik, ez nik." Denok esaten ditugu gezurrak. Baita zuk zeuk ere, irakurle. Bizitza ezinezkoa izango litzaiguke gezurrik gabe. Bikotea: gezurra. Lagunak: gezurra. Familia: gezurra. Merkatu askea, estatistikak: gezurrak. Demokrazia: beste gezur bat. Euskal Herria: gezurra. Literatura: gezurra hor ere. Hala ere, hain dira garrantzitsuak etengabe kontatzen ditugun gezur horiek non, azkenean, benetakoak bihurtzen baitira. Edo ia benetakoak. Hori uste du, behintzat, liburua osatzen duten hogeita sei ipuin hauen egileak. Egia esan badigu, noski.

Itzalak

by Iban Zaldua González

"Ohetik jaiki bezain pronto kontatu nahi izan zidan. "Ba al dakizu zer amets egin dudan bart? Abandonatzen ninduzula; beste emakume batekin elkartzen zinela. Ez nuen ezagutzen, baina jakin badakit ni baino gazteagoa zela. Umeak zurekin gelditzen ziren, noski, eta, ondorioz, etxetik alde egin behar zuena neu nintzen. Pisu konpartitu batera joan nintzen bizitzera". Irribarre egin nuen, zer bestela: beti egin dit grazia Arantzaren amesgaiztoen zehaztasunak; ni ez naiz sekula akordatzen neureez. "Eta norekin joaten zinen bizitzera, jakin ba daiteke?", galdetu nion. "Nekanerekin. Senarrak utzi berria hura ere". "Nekanerekin? Ez duzu apenas ezagutzen ba". "Bai, niri ere bitxia iruditu zait. Baina badakizu nolakoak diren ametsak", erantzun zidan. Haien bien etxebizitza berria deskribatu zidan ondoren, altzariak eta guzti. "Ba al dakizu, ordea, zerk izorratu ninduen gehien, ametsean? Ez zenidala ezer kontatu zure azkeneko liburuaren eskuizkribua zuzentzen amaitu nuen arte". Hori egia da: nekez aurkituko dut nire testuen irakurle hoberik, emaztea baino. Une horrek besarkada bat eskatzen zuen, eta besarkatu nuen Arantza, nola ez. "Nolako gauzak amesten dituzun, neska...", esan nion belarrira". Nekanek ez zuen txintik atera: eskua mesanotxerantz luzatu eta beste zigarro bat hartu zuen, eta txiskeroa. Keinu bizkor batez piztu zuen. Trinkoagoa egin zen logelako kea. Isilunea ez zen oso luzea izan. "Noiz kontatu behar diozu gure artekoa Arantzari?", bota zidan, espero nuen bezala. "Laster", erantzun nion Nekaneri, "oso laster. Nire azken liburuko kontrazaleko ipuina zuzentzen didan bezain laster".

Traizioak

by Iban Zaldua González

Iban Zalduaren berrogei narrazio jasotzen ditu liburu honek, batzuk laburrak, luzeagoak beste batzuk. Traizioak ezkutatzen dituzte gezurraren itzalean: traizioa Iraultzari, Aberriari, Memoriari, Errealismoari, Literatura berari. Guztiak azaleratzen dira obsesioz, mamuz, lagunez eta etsaiez beteriko bilduma honetan. Berrogei traizio, berrogei ipuin. Honen antzekoak: "Hamasei urte bete zuen egunean, Judas Iskariotek Jesusek bidalitako papirozko eskutitz bat jaso zuen; irakurri ondoren errausteko agintzen zion, eta sekretua gordetzeko. Handik aurrera gertatu beharreko guztia azaltzen zuen, zehatz-mehatz, eskutitzak: non eta noiz elkartuko zen Judas apostoluekin, taldekoen diruzaina bihurtuko zela, eta, garrantzitsuena, Jesusi berari traizio egin beharko ziola, eta gero bere buruaz beste egingo zuela. Azken batean, traizio horren bitartez beteko zen Jesusen patua, eta hala frogatuko zuen berak, Judasek, Haren jarraitzailerik fidelena zela. Historiarentzat saltzaile doilorra izango zen Judas, baina Jaungoikoaren eskuinera eseriko zen ezinbesteko zerbitzu horren ordainean, erabakigarria izango zen eta haren ekarpena Kristoren Eliza eraikitzeko. Papiroak azaldu bezala gertatu zen dena. Judas ez dago Jaunaren eskuinera eserita, ordea. 2000. urtearen hasieran Israelgo arkeologo talde batek Judas Iskarioteren azkeneko traizioaren tresna topatu zuen Itsaso Hilaren ondoko haitzulo batean: haren testamentua, non egia osoa aitortzen baitu, eta, ondoan, Jesusek berak bidalitako eskutitz hura. Arkeologoen iritziz, dokumentuok luzaro irauteko utzi zituzten prestatuak".

Ulises: Homeroren Odisearen bertsioa

by Juan Kruz Igerabide Álvaro García Lema

Troiako hiri handia errautsetan geratu zen, akaiarren Zaldi erraldoiaren hankapean errendituta. Troiako harresien gainetik suntsiduraren azken suak artean itzali gabe zirela, Ulises, beste hamabi ontzirekin batera, Itakako bidean jarri zen. Baina ekaitz izugarri batek etxerako bidetik urrundu zuen Ulises, eta itsasoko ur eta lur gupidagabe bezain arrotzetan ostatu hartzera kondenatu. <P><P>Paisaia horretan, gizakion edo mundutarron mugaz harantzago ordurako, gertatzen dira Ulisesen abentura paregabeak: Kalipso eta Zirtze erdi-jainkotiar eta emakume liluragarriena, Polifemo begibakarraren eta lestrigoniarren pareko munstro haragijale beldurgarriak, itsas-lamien kanta xoragarria edo hildako itzalen erresumako (Hades) joan-etorria. Grekoen kasuan bezala, gure irudimen munduan ere, leku berezia dute Peneloperen irrikitan afanatu ziren ezkongaiek, hogei urte igaro arren bere nagusia usnatu ondoren Heriok betiko eraman zuen Argos txakurra, Telemako ausart, baina artean gaztearen, nahi eta ezinak, Ulisesen mendeku errukigabea... <P><P>Abenturaren erresuman gaude bete-betean. Narrazio petoaren gailurra da liburu hau. Ulisesen aspaldiko ibilera haiek mendez mende hutsik egin gabe hunkitu dituzte entzule eta irakurleak. Mendebaldeak eman duen abenturazko eleberririk zoragarriena da.

Historiarik goibelena

by Ford Madox Ford Xabier Olarra

Ez dakit zein den zera hau hobekien idazteko modua: hobe litzatekeen historia hasieratik kontatzea, historia bat balitz bezala; edo denboraren urruntasunetik kontatzea, Leonoraren ezpainetatik edo Edwarden berarenetatik iritsiko balitzait bezala. Beraz, neure burua aste pare batez edo, landetxe bateko lurreko suaren alde batean imajinatuko dut, aurrez aurre solaskide onbera bat dudala. Eta solasean jarraituko dut, urrunean itsasoaren zurrumurrua aditzen den bitartean eta buruz gain haize beltz baten bolada bortitzak izar distiratsuak lustreatzen ari direla. Aldian behin jaiki, eta ateraino joango gara ilargi beteari begiratzera, eta esango dugu: ‘Hara! Proventzan: bezain argitsua da ia-ia!’Eta ondoren lurreko suaren ondora itzuliko gara, intziri gisako bat eginez Proventzan ez gaudelako, historiarik goibelenak ere alaiak diren lurraldean.

Kodeen liburua

by Simon Singh

Milaka urtez, komunikazioaren eraginkortasuna izan dute ardatz errege-erreginek eta jeneralek beren herrialdeak gobernatzeko eta armadak zuzentzeko. Aldi berean, ondotxo zekiten zer ondorio zituzten beren mezuak esku okerretara iristeak, herrialde lehiakideei sekretu baliotsuak ezagutarazteak eta funtsezko informazioa etsaien esku uzteak. Mezuak etsaien eskuetara heltzeko arrisku eta mehatxuak bultzatu zuen garatzea kodeak eta zifrak: mezuak mozorrotzeko teknikak, dagokion hartzailea bakarrik izan dadin mezua irakurtzeko gai.<P><P> Sekretu-premiaren ondorioz, kodeak egiteaz arduratzen diren sailak sortu dituzte herrialdeek, eta sail horien ardura da ahalik eta koderik egokienak sortzea komunikazioen segurtasuna bermatzeko. Aldi berean, etsaien kode-hausleak kode horiek hausten eta, hala, sekretuak lapurtzen saiatu dira beti. Kode-hausleak hizkuntzaren alkimistak dira, esanahirik gabeko ikurretatik abiaturik esanahidun hitzak biltzeko gai den tribu mistikoa. Kode eta zifren historia kodegileen eta kode-hausleen arteko borroka zaharraren istorioa da, historiaren bilakaeran eragin berebizikoa izan duen arma intelektualen lehia.<P> Kodeen liburua idaztean, bi helburu nagusi izan ditut. Lehenengoa, kodeen eboluzioa deskribatzea. Eboluzioa termino egokia da, bai, kodeen garapena borroka ebolutibo gisa ikus baitaiteke. Kode batek kode-hausleen erasoak jasaten ditu beti. Kode-hausleek kode baten ahultasuna agerian uzten duen arma berriren bat garatzen dutenean, balioa galtzen du kode horrek. Desagertu egiten da, edo kode berri indartsuago bihurtzen. Era berean, kode berri horrek kode-hausleek haren ahulezia aurkitu arte bakarrik balioko du; eta horrela behin eta berriz. Bakterio baten andui infekzioso batekin gertatzen denaren antzekoa da. Bakterioak bizi eta hazi egiten dira, harik eta medikuek bakterioaren ahulezia agerian utzi eta hiltzen dituen antibiotiko bat aurkitzen duten arte. Bakterioek, orduan, eboluzionatu egin behar izaten dute, eta antibiotikoa engainatzen saiatu; eta, hori lortzen badute, aurrera egiten dute, eta berriz zabaltzen dira. Bakterioek eboluzionatu egin behar dute etengabe, antibiotiko berrien sarraskiari ihes egingo badiote.

Putzu

by Jose Luis Alvarez Enparantza

1873. urtea da, Donostian. Urtebete bada Bigarren Karlistada hasi zela eta Joxemari Arrubarrena "Putzu", 22 urteko gaztea, ez da lasai bizi armada liberal arrotzak menperaturiko hirian. Pena du bere betiko Putzu kalea utzi beharra baina, bere barruko ezinegona eraman ezinda, armak eskuetan hartuta lagundu nahiko du foruen defentsan, karlistekin bat eginda.Boluntario alde eginez geroztik, Euskal Herri osoan barrena ibiliko da Putzu: Tolosan, Zugarramurdin, Lizarra aldean, Gernikan, Oñatin, Donostiaren setioan berriz ere, baita Ipar Euskal Herrian ere, Lapurditik Zuberoaraino. "El Cuartel Real" aldizkariko erredaktore gisa, armada karlistaren atze-aurre guztiak ezagutuko ditu, bai ofizial eta diplomatikoekin ibili beharra, bai mutilekin tiroka eta borrokan, eta gerraren gorabehera guztiak ere bai, hala garaipen loriazkoak nola porrotik mingotsenak edo bala zauriak...

Refine Search

Showing 251 through 275 of 315 results