Browse Results

Showing 76 through 100 of 315 results

Romain zen bere izena

by Joxean Agirre Odriozola

Mantso idazten duen egilea dugu Agirre, bere kazetari-lanean presaka aritu behar duelako beharbada; orrialde bakoitza luze pentsatu, esaldi bakoitzari bueltak ematen dizkio, gustura geratu arte, eta igartzen da gero emaitzan, kalitate handiko testuak lortzen baititu. Nobela hau sortzeko Joseba Jaka literatur sorkuntzako beka jaso zuen, eta haren laguntzaz egin du orain irakurleok dasta dezakegun obra sorgingarri hau: Romain zen bere izena. Literaturazale guztiak txoraturik eta jakin-minez dauzkan idazle baten bilaketak osatzen du nobela sorgingarri honen bizkarrezurra. Balizko idazle horren emazteak senarra hiltzen du liburuaren hasieran, bere bizimodu ezkutuaz nazkaturik nonbait, sekretua behingoz argitzeko gogoz; misterioa konpondu ordez gero eta gehiago korapilatuko da, ordea, irakurlea txunditu eta dibertituko duten bihurgune ustekabekoetan. Protagonista eta kontalaria idazle ezkutuaren peskizan dabilen Ikerketa Batzordeko kide bat den arren, mataza polizialaren hari-muturrak galdu eta nahastu egiten dira etengabe, egileari interesatzen zaizkion gaiei tokia egiteko: arteari eta artistari buruzko gogoeta mamitsuak, esaterako, edo emakumearen gaineko kontenplazio deboziozko bat, gure literaturak inoiz eman dituen orrialde erotiko delikatuenak osatzeraino, ironiaren galbahetik iragazita betiere. Pasarte antologikoz beteriko obra sendo, jostalari eta harrigarri bat osatu du Joxean Agirrek, tolesdura bakoitzean irakurketa berri bat, zirrikitu bakoitzean ihesbide bat proposatzen diguna. Berak hainbeste miresten dituen kultuzko egile horietako bat bihurtua, ia-ia.

Zwei Frauen (Bi emakume)

by Joxean Agirre Odriozola

Literaturarekiko eta emakumeenganako pasioek bat egiten dute eleberri honetako protagonista izengabearengan. Gaztetan hasi eta zahartzaroaren atariraino, maite dituen andreekiko hainbat esperientzia eta amodioaren zenbait zoko-moko azalduko dizkigu, lau ataletan zehar, miresten dituen beste hainbat idazleren imitazioak egi-tearekin batera.

Wagner afera. Nietzsche Wagnerren kontra

by Friedrich Nietzsche Unai Casas Antia

Musika berriak, egun irmo bezain zehaztugabe «amaigabeko melodia» izendatzen den horrek, jarraitzen duen xedea honela argitu daiteke: itsasora joan, arian-arian hondoa ukitzeari utzi eta, azkenik, elementuen menpe amore ematea: alegia, igeri egin behar dela. Antzinako musikan, samur edo sutsu edo zeremoniazko zanbuluan, arinago edo geldoago, beste zerbait egin behar zen; dantza, alegia. Hor, beharrezko neurriak, denbora eta intentsitate zehatz bezain kulunkarira atxikitzeak, etengabeko arretara derrigortzen zuen entzulearen arima; arretatik zetorren aire bolada freskoaren eta gogo biziaren arnas beroaren arteko elkar jokoan zetzan musika on guztiaren magia. Richard Wagnerrek bestelako mugimendu mota nahi zuen; berak ordurarteko musikaren oinarri fisiologikoa alboratu zuen.

Hilen logika ezkutua

by Jabier Muguruza

Daniel Innerarity filosofoak esaten du Jabier Muguruza dela gure Leonard Cohen partikularra, euskaldunok gure artean daukaguna. Kanadarrak Popular problems diskoa kaleratu berri du, eta arazo itxuraz arrunt horiek, eguneroko egoera itxuraz xume horiek, izan dira beste behin ere Muguruzak bere liburua idazteko orduan aintzat hartu dituenak: Barne-beldurrak, krisialdi ekonomikoa, matxismoa, giza kondizioa, harreman sozialak, sentsualitatea, itxaropenak, bikote-harremanak, barneko indar ezezagunak, kulturaren egoera, bakardadea, duintasuna, zahartzaroa... horiek guztiak, umorez zipriztindurik, geure eguneroko bizimoduan txertaturik azaltzen dira Hilen logika ezkutua liburu eder honetan.

Erraiak

by Danele Sarriugarte Mochales

Bikote haustura mingarri bat du abiapuntu eleberriak; emakumezko baten kontakizuna bakarrik iritsiko zaio, ordea, irakurleari, obsesio bihurtuta. Horregatik, ez ohiko intentsitatez barneratu da idazlea pertsonaiaren barrunbeetan, haren zokorik ezkutuenak, erraiak, agerian utziz, ez bere buruaren ez inoren aurrean biluzteko lotsarik gabe. Aldez aurretiko aurreiritzirik gabeko barne bakarrizketa batean murgilduta, protagonistak ordura arteko bere bikote harremanak xehatuko ditu, inoiz utzi ez duten mamuen aurrez aurre jarriz. Narratzaileak egurra banatzen du ezker-eskuin, eta egurra banatzen du bere buruarentzat ere, tonu ironiko nabarmenarekin. Egur ona, sutarako balio duena, esan gabe doa. Danele Sarriugarteren idazkera zorrotzak, irakurlea jartzen du beti jo puntuan, eta emoziozko erantzunak ez ezik, baita zentzumenezkoak ere eragingo dizkio. Kontzientziak astintzeko lehergailu gisa irakur daiteke eleberri hau.

Eta emakumeari sugeak esan zion

by Miren Lourdes Oñederra Olaizola

Lourdes Oñederraren nobelak bidaiaren, bidaia fisikoaren antolaketa du. Euskal Herriko hiriburu batetik Europa erdialdeko hiri batera egindako aldaketa du narrazioak kokagune espaziala. Barne-bidaia da, baina, nobela honetan abentura nagusia. Emakumearen (Teresaren) barne-bilakaerak eramango du pertsonaia nagusi horren desasosegua senarrarengandik hamar urte lehenagoko lagunaren besoetaraino, eta harengandik bizitzaren muturreraino. Bakardade latza. Beste inorekin konpartitu gabeko sekretu lazgarria. Bakardade bakardadeagoa. Ez bizitzan egokitutako gizonek (agertu eta desagertu baino ez), ez haiengandik saihestu zaizkion maitasun esperantzek lortu dute inoiz Teresa bere bakardade esentzialetik erreskatatzea. Eta, azkenean, gizonak atzean gelditu dira, eta Teresak bakarrik, bakardade larrienean, hartuko ditu azken erabakiak. Azken urrats horiek azken-azken "maitale"aren besoetara zuzenaraziz: "Etorriko dun heriotza eta hire begiak izango ditin" (C. Pavese).

Urtebete itsasargian

by Miren Agur Meabe Plaza

1936ko gerrari buruz idatzitako liburu historiko nahiz fikziozkoen artean toki berezia beteko du Miren Agur Meabek idatzi duen nobela xume baina eder honek. Urtebete itsasargian gaztetxoentzako eleberri bat da, gaztetxo bat duena protagonista eta kontalari. Jon gaztetxo bilbotar bat da, gerra hastean gurasoek Garraitzetara bidaltzen dutena (Lekeitioren irudikapen literarioa), osaba farozainarengana.

Berriz ere hutsetik hastera

by Miguel Angel Mintegi Larraza

"-Maialen -galdetu nion gero-, zer da maitasuna zuretzat? -Galdera polita. Maitasuna zer den... -berriro isildu zen-. Aurpegi anitzeko panpina, amaiera anitzeko ametsa, zoramen liluragarria... Nik al dakit! Hainbat aurpegi ditu! Berez, guztiz ederra, baina baita tragikoa ere, askotan. Bizitza beraren parekoa da, Idoia, edo hori iruditzen zait niri, abentura bat, agian. -Ez nabil definizio baten bila, Maialen, zuretzat zer den jakin nahi nuke, horixe besterik ez. -Kinka larrian jartzen nauzu. Zer den... Zer izatea nahiko nukeen esango dizut, zer den esatea beste kontu bat da, oso gauza pertsonala esango nuke. Inork ba ote daki? Idoia hemeretzi urte betetzera doa, eta ia urtebete darama etxetik kanpo, nerabezaro zorigabeak eraginiko zauriak sendatu eta bere bizitza propioa antolatu nahian: libre, inongo presiorik gabe. Horregatik,maitasuna ate joka etorri zaionean, gezurra badirudi ere, nahastuta dago. Ezin izango dio, ordea, bihotzaren bultzadari aurka egin, eta bete-betean murgilduko da maitasunaren abenturan. Horrezkero, azken hilabeteetan gorabehera gutxi izandako bizimodua, erabat aldatuko da, tonu arrosaz eta ilunez betetako kaleidoskopio bihurtu arte. Oraingo eleberri honekin, neska gazte baten eskutik, argi-ilunak nagusi diren sentimendu eta harremanenmundu korapilatsura eramaten gaitu Migel Anjelek, arrosatik beltzera, baina beti ere, urdin argia helburu.

Benito Cereno - Billy Budd, marinela

by Herman Melville Jose Ramon Vázquez Roson

Zenbait adituren ustez, Benito Cereno Melvilleren kontakizun betegin eta onenetariko bat da, Bartlebyrekin batera; baina ez datoz denak bat horretan, Borgesek ederki adierazi zuenez: "Benito Cerenok polemika sortzen jarraitzen du. Zenbaitek irizten diote Melvilleren maisu-lana eta literaturaren maisu-lanetariko bat. Zenbaitek uste dute akats bat dela edo akats sail bat. Zenbaitek iradoki dute Herman Melvillek berariaz ezin azalduzko testu bat idatzi nahi izan zuela orobat ezin azalduzkoa den mundu honen sinbolo doi eta zehatza izan zedin". Liburu honetan bildu den bigarren kontakizuna edo eleberri laburra, Billy Budd, gai ugari ukitzen dituen liburua izanik, eta haren konplexutasun moral eta sinbolikoarengatik, ezin konta ahalako irakurketa izan ditu 1924ean argitara zenetik. Zenbait alderdiri dagokienez erabat amaiturik ez badago ere, aditurik gehienek literaturaren maisu-lantzat jotzen dute eta, Moby-Dicken ondotik, Melvilleren eleberririk bikainentzat.

Tunelak, izarak, mozorroak eta blafleak

by Josu Martinez Martinez

Mundu mailan hainbat ihesaldik izan duten ospea ikusita, beti deitu dit atentzioa Euskal Herrian gertatu direnei buruz ze literatura gutxi dagoen. Horregatik, euskal gatazkari lotuta, azken 50 urteetan gertatu diren hamar ihesaldiren kronika proposatu gura dizuet hurrengo orrialdeetan. Batzuk aski ezagunak izango dira? eta ezezagunak beste hainbat. Bukaera zoriontsudunak zenbait? eta gaizki ateratakoak beste hainbeste. Bakarka egindakoak? edo kanpoko laguntzaz burutuak. Denak, hala ere, ausardiaz eta irudimenez beteak. Modu batean edo bestean, artelanak denak. Ez da izan nire asmoa gaiari buruzko ikerketa orokor bat egitea. Lan honen helburua ez zen gertatutako guztia biltzea, ez eta objektibitate historikoz egindako tratatu bat osatzea ere. Hala, bistan denez, istorio asko falta dira. Gehienak. Ez dadila inor haserretu horregatik

Gure erditzearen jabe: Erditze kontzientearen garrantzia: Informatuta egotea eta gure egoeraz jabetzea

by Estitxu Fernandez Maritxalar

Erditze kontzienteak garaiotan duen garrantzia azpimarratzen du lan honek. Alegia, erditzera doan emakumearentzat, informatuta egotea eta bizi duen egoeraz jabetzea zeinen mesedegarria izan litekeen, ez bakarrik ahalik eta erditze seguruena bizitzeko, baita erditzea esperientzia betegarria izateko ere. Fisikoki zein psikologikoki, erditze osasuntsuaren oinarriak marrazten ditu, osasuntsua bai amarentzat baita umearentzat ere, umeak helduaroan izanen duen osasuna eta izateko modua determinatzen ez dituen arren, horretan eragiten baitu erditzeko moduak. Horregatik, momentu paregabe hau amaren eta umearen beharretara egokitu behar da. <P><P> Liburu hau, funtsean, erditu diren zenbait emakumeren bizipenen bilduma da. Emakumeok seguruen sentitzen garen moduan erditzeko eskubidea dugu, baina horretarako gure beharrak zein diren eta nola erditu nahi dugun jakin behar dugu aurrena. Ginekologo eta emaginen testigantzak ere agertzen dira, zer erran handia baitute honetan guztian. Bertze gauzen artean, azken urteotan erditzeak artatzeko moduan egon diren aldaketak azaltzen dituzte. Eta liburu honen hirugarren eta azken osagaia ebidentzia zientifikoa da. Modu sinplean zientziak frogatutakoaren inguruko informazioa, emakumearentzat garrantzitsua izan litekeena, laburbiltzen du.

Egiari zor

by Iulen Madariaga

"Idatzi beharretan nengoen liburu hau. Eta idatzi behar nuen hil baino lehen". Horrela hasten da Madariagako Iulenen testigantza hau. Egilea kontziente dago bere azken lekukotasuna duela hemen plazaratu. Horregatik ere, ez du ezer ezkutatu nahi izan. Bizi izan dituen printzak eta itzalak hostokatu ditu orrialde hauetan, ahoan bilorik gabe. Egiari zor. ETAren sortzaileetarik bat izanki, Iulenek borrokaren bidea hautatu du. Alta, bazekien, aldez aurretik, xendra horretan tortura eta heriotza gurutzatzeko arriskua egongo zela, etxetik ihesi ibili beharko zuela. Baina euskal jendartea esnatzeko "zerbait egin behar zen" leloak pizturik eraman du bizitza. Liburu honetan, bere iritzia partekatu ere nahi izan du. Ez du pentsamolderik diktatu nahi, inori: herritarrei eztabaida-iturritik eman nahiko lieke. Autokritika iparrean izanik, Iulen bera ez baita isilik geratzen den haietakoa, nahiz eta, horrexegatik, aberkide batzuek etsaitzat daukaten. Orrialde hauek lekuko. Azken hirurogei urteetako euskal esparru politikoko aktore zuzena izan da: bertan ikusi dituen hutsak ez errepikatzeko xedez ere etzan ditu bere zalantzak eta itxaropenak paper gainean, transmisio gogoz. "Ez dezagun ahantz".

Mapagilea

by Amaia Ballesteros López Inaxio López de Arana Arrieta

Etxahun gaztea kartografoa da, eta itsasoa eta bere misterioak maite-maite ditu. 1769ko goiz batean, Donibane Lohitzunen itsasoratu eta Afrikako kostaldeetarantz egin zuen, L’Hirondelle de Mer ontzian, ibilbide eta mapa berriak zirriborratzeko asmoz.Baina aparteko gertaera batzuek ezustekoz beteriko abentura bihurtuko dute bidaia hura.

Eserleku hutsa

by Estibaliz Lizaso Lopetegi J. K. Rowling Xabier Olarra Lizaso

Barry Fairweather berrogei urte bete berritan hil da, eta Pagford herri txikia shock batean bezala geratu da. Itxuraz, herri patxadatsua da Pagford. Leku idiliko bat. Galtzada harriko merkatu plaza bat eta abadia zaharra. Baina patxadazko itxura horren atzean, gatazka larria ezkutatzen da. Aberatsak gatazkan daude pobreen aurka, nerabeak gurasoen aurka, emazteak senarren aurka, irakasleak ikasleen aurka? Pagford ez da lehen kolpean ematen duena. Gerra horiek denak ezkutuan egon dira orain arte, baina Barryk parrokia-batzarrean utzi duen hutsuneak inoiz Pagforden ikusi gabeko gerra piztu du. Nork irabaziko du grinaz, hipokresiaz eta ustekabeko berriez kargatutako gerra hori? Komedia ilun bat idatzi du Rowlingek, zer pentsa uzten zaituena hasieran eta harrituta gero. The Casual Vacancy da J. K. Rowling-ek helduentzat idatzi duen lehen eleberria.

Goizuetan bada gizon bat

by Patziku Perurena Loiarte

"Goizuetan bada gizon bat... Hunkigarriak, bertsoak. Eta zenbat aldiz ez ote ditugu kantatu hainbat afalondotan. Izanez ere, horren ederki paratu zizkigun Mikel Laboak, hautspetik atera eta [...]. Goizuetako kanta xahar horren sustrai bila, hasi banintzen hasi, jainko ttikiak bestek ez daki, zenbat buruhauste ibili izanen dudan geroztik, beste hogeiren bat urtez edo, hara eta hona, maitale liluratua bere guzizko maitearen atzetik bezalatsu...". Halatsu deskribatzen du autoreak ikerketa lan erraldoi honen abiapuntua eta garapena. Aitortu beharra dago liburu honen orrialde bakoitzean antzematen dela autorearen pasioa, grina eta jakin-mina eta asmatu egin duela ageri diren leku eta gertakari ilunez irakurlea liluratzen.<P><P> Ez da hau, hala ere, Trabukoren historia tristearen kontaketa hutsa, hori bada ere abiapuntua. Atari eder bat da bestela inongo historia-liburu marduletan ateratzen ez diren herritar xume aspaldi hildakoen grinak, maitasunak eta bizimodua ikasteko, burdinolen inguruko elezahar ilunak ezagutzeko: olajaun eta meatzarien arteko istiluak, noble eta bilau arteko espak, arrazakeriak, amodio eta gorroto kontuak, heriotzak...<P> Goizueta eta inguruko herri eta auzo, leku eta jendeak dira liburu honetako pertsonaia nagusi, baina aise ikus daiteke Euskal Herri berdeko beste hainbat eta hainbat herri, auzo eta jende Goizueta eta inguruko horien baitan. Liburu hau irakurtzen duenak ez du modu berean entzungo Mikel Laboa kantari: Goizuetan bada gizon bat...

Iragaitzaz: -ilunbistan-

by Pello Lizarralde

Gasolindegiak, kamioak eta txoferrak. Begiratu, hitzari eutsi eta alde egin. Ez du alperrik hitz askorik egingo Martinek, baina zenbat sentiarazten digun munduaz bere begi, belarri eta usaimenak jasotzen dutenarekin! Nola ez dakigula isuri zaigu errepidean pertsonaia hori, eta haren arrastoan mundu batek hartuko du zinezko itxura. Errepidea, txofertza, hildako kamioilaria... Itxura batean sor zitezkeen istorio birtualak errepidearen -iragaitearen- dimentsio existentzialenean urtzen dira. Hain da sakona mundu horren pisua Martinen zirkinik ezdeusenean! Lizarralderen estilo paregabea dugu oraingoan ere nagusi: ofizioa, eskarmentua eta munduaz mintzatzeko era propioa. Begiratua filosofia bat ere badenean.

Orbanak

by Pello Lizarralde

Hilketa bat gertatu da: herriko fabrikan lan egiten duen ingeniari aleman baten emaztea hilik azaldu da pagadi batean. Ez dakigu iheslearen izenik, soilik orbain bat duela lepoan. Ez dakigu hiltzailea bera den ala ez, baina ihesi eta ezkutuka agertzen zaigu. Begi, belarri eta usaimenak iheslariaren ibilera larriaren, uxakaren edo bareagoaren berri ematen digute zehaztasun eta bizitasun handiz. Paisaiaren barruan hartzen du arnasa nobelak (eta orbanak), iheslariaren pauso sosegatu edo arinagoen martxan.Bi ahots (bi plano) dira nobelaren baitan, mundu giro bereko baina barne egoera bestelako: iheslariaren begi eta zentzumenetatik jasotakoa (ahots zehatz eta objektiboa) bata, eta iheslariaren arrastoaren atzetik jarraian dabilkionarena (lasaiagoa eta bizitzaren alderdi xume eta afektiboagoenen lekuko, lehen pertsonan), bestea. Tartean daude natura eta egunaren argi printzen ñabardura ugariak.Mundu bat dago ibilian. Oso gertutik ezagutu eta bizi izan dugun mundua. Egilearen unibertso literario eta morala elikatzen jarraitzen duen mundua, gure gurasoena eta, neurri batean, geurea ere izan dena.

Eskarmentuaren paperak

by Anjel Lertxundi

Berrogei urte bete da Anjel Lertxundik bere lehen liburua argitaratu zuenetik. Berrogei urteko bere literatur ibilbideari pasatu dio ispilua, eta ez da esku hutsik etorri. Ekarri digun emaitza fragmentarioa da: hainbat literatur gairen inguruan antolatutako glosak, zatiak, testu laburrak, hausnarketak, haurtzaroko oroitzapenak, idazle estimatuen aipuak… Testuen gatzean dago zaporea, eta testuenantolakuntzan, berriz, sekretua: oharrez, albo-markaz, paper-puskaz betetako lan horrekin autorearen ispilu kabala osatzea.<P><P> Ez da autobiografia bat, baina badu autobiografiatik. Ez da oroitzapen liburu bat, baina asko zor dio oroimenari. Dietario batetik hurbil dago, baina ez dago egunerokotasunaren mende. Bere buruaz ari da autorea, baina ez da bere burua liburuaren xedea. Xedea da berrogei urtean jarraitu dion irakurlearekin elkarrizketan sartzea.

Hamaseigarrenean aidanez

by Anjel Lertxundi

"Ez nuen leihorik ireki behar izan gertatuko zitzaidana ezagutzeko", horixe da eleberriaren lehen perpausa. Martzelinaren bihozkada hori nagusitzen da hasiera-hasieratik; eta nobela zehazki ez dakigun gertakariaren inguruko informazioa antolatzen igaroko da. Baserri giroko trajedia bat da eleberri hau. Indarrean eta afanean oinarritzen den kontakizuna: apostulari baten heriotza du gertaera nagusi. Pertsonaia desberdinen eta ikuspuntu desberdinetan oinarrituz, emakume baten bakardade eta sofrimenduaren ikuspegi sakona eskaini du idazleak. Ikuspuntuaren erabilera erabakigarria gertatzen da. Bernardo Atxagaren Bi Anairekin batera hauxe da 80eko euskal nobelarik lortuena. Sotelo

Tobacco days

by Anjel Lertxundi

Gipuzkoako kostaldeko herri bat da eleberri honetako istorioen gertalekua. Udako turista-bisitarienak ez bezala, itsas herri horretako bizilagun askoren egunak -eta batez ere, gauak- arazo, kezka eta urduritasunez gainezka ageri zaizkigu. Izan ere, kontrabandoak, tabako kontrabandoak hain zuzen, bere barne-arau, kodigo eta pikareska ditu. Zinema beltzak hain ohituta gauzkan hanpako munduaren harreman korapilotsu eta gatazkatsuen isla urruna bihurtzen da kontrabandoaren mikromundu hori: boxeoaren munduko etengabeko aipamenen artean, taberna zuloak eta karta-jokoak, mafioso itxurako nagusiak eta kontu-garbitzeak, hilketak, salatariak eta xantaiak, goardia zibilaren saldukeria... Hori guztia da Tobacco days izenburu zinemadun honen mundu narratiboa. Zinemaren munduari eskainitako omenaldi xumea.

Bihozberatasunaz

by Elena Zalakain Lazpiur Igor Yarza Iraola Luzio A. Seneka

Baina, zergatik ez du barkatuko? Zehatz dezagun orain, bada, zer den barkamena, eta ikusiko dugu jakitunak ez duela eman behar. Barkamena zigor mereziaren absoluzioa da. Jakitunak zergatik ez duen eman behar luze azalduko dizute gai hori espresuki jorratu dutenek. Nik, ez dagokidan epaian banengo bezala, labur aritze aldera, zera esango dizut: barkamena ematen zaio zigorra jaso beharko lukeenari, baina jakitunak ez du aintzakotzat hartzen egin behar ez duen ezer. Beraz, zigorra jartzeko betebeharra duenez, ez du barkatuko. Baina barkamenaren bitartez lortu nahi duzuna beste bide duinago batek emango dizu. Izan ere, jakituna bihozbera izango da, ardura hartu eta zuzenduko du; barkamena emango balu bezala egingo du, baina ez du barkatuko, barkatzen duenak egin beharreko zerbait ez duela egin onartzen baitu.

Desio izeneko tren batean

by Iñaki Serrano Lasa

Bi lagun, motxila bana, Inter-rail txartela Europan barrena bidaiatzeko: horra liburu honen abiapuntua. Hamaika abentura, pasadizo eta bitxikeria bizi izango dituzte Iker eta Jonek hiriz hiri, trenetan nahiz gazte-aterpetxeetan, ligatzeko asmoa beti gogoan, Internet gabeko aro batean.

Hiri gorritik

by Asier Serrano Lasa

Hiriguneko etxe orratzetako leihoetako argiek hiriko aldirietako txabolen suek bezainbesteko duintasunez sortu ditzakete itzalak. Eta itzalak izan daitezke giza haragizkoak edota ke hutsezkoak. Itzala izan daiteke zapi more desolatu baten azken hegaldiarena edo maindire horitu baten destolestearena. Katu zauritu baten isatsarena edo katuaren isatsa hatzetan daraman arratoiarena. Horma-ordulari nagi baten orratz estatikoarena edo txingarren bazka izateko jaio ez den ezpelarena. Lan bila iratzarri behar duenarena edo bart lanetik bota zutenarena. Ez lo hartu ez ihes egin ezin duen emakumearen negar beroarena edo loak nahiz ihesak garaitu duen gizonaren izerdi hotzarena. Itzala izan daiteke zurea edo nirea. Akaso itzalak dira duintasuna zer den argitu diezaguketen bakarrak hiri gorri honetan.

Larrepetit

by Pello Lizarralde Larraza

Abel, Joxe eta Lainez dira nobela honetako hiru pertsonaiak. Abel gaztea da eta Joxe edadetuagoa eta hitz gutxikoa. Gazte urduria bata, eta aurpegi-ilun eta eskarmentu handikoa bestea. Biak dira iheslariak. Preso zeuden eta kalabozoko ataritik ihes egin dute. Frantziako mugara iritsi nahi dute, eta helburu hori lortu nahian bidexka, malkar eta muino asko zeharkatu beharrean aurkitzen dira. Batetik bestera inguruko herrietan saltzaile dabilen Lainezek hurbilduko ditu autoz muga ingururaino. Han, ordea, guardia zibilen "altoa"aren ondoren Joxeren labankadak gauzak larritzen ditu. Narrazioaren urrats xumeena neurtuta dago, baita irakurlearengan duen eragin fisikoa ere: iheslariek zapaldutako belarra, bidean topatutako lagunekin gurutzatutako solasa edo zotza soiltzeko Joxek erabilitako labana, gertakizun denaren sentipen urduria bihurtzen dira.

Un ange passe

by Pello Lizarralde Larraza

Pello Lizarralde kontalari berezia da. Ez ditu bere ahaleginak ahituko narrazioaren errenkari jarraika; Pello Lizarraldek bai baitaki hura baino interesgarriagoa dela narrazioaren atmosfera kutsatzea, astuntasun edo arintasun giroa irakurleari sentiaraztea. Horixe lortu zuen Sargori (1994) deritzan narrazioak: sargoriaren astuntasuna aleka jasanaraztea. Oraingo honetan alderantziz gertatzen da, giroaren eta narrazioaren eraiketa xehetasunez bete eta zehatza "isilaldi" arinen gainean kulunkatzen da: "Un ange passe". Eta, hala ere, "isilaldi" edo "esan gabe"ko horietan kondentsatzen da narrazioaren funtsa. Hitzik gabeko edo aipamenik gabeko hari iheskor horiexetan hartzen dute oin urtaroen kadentzian eratutako lau narrazioek. Ezdeusak diruditen hari horiek, ordea, erabat baldintzatzen dute Pello Lizarralderen narrazio liburua. Narrazio hauetan bada literatura munduko oihartzun ugari, ala nola Melvilleren Moby Dick edo Tobias Wolfen ipuinena, Tabucchiren eta Calvinoren lanena edo Antero Quentalen poemena.

Refine Search

Showing 76 through 100 of 315 results