Browse Results

Showing 101 through 125 of 315 results

Etsai gordea

by Jokin De Pedro Perez Salgado

Josu Arriola kazetari ezaguna bere apartamentura sartu eta postontzitik ezezagun baten gutuna jasotzen duenean abiatzen da istorioa: ?Zure egunak zenbatuta daude, aurpegi faltsu hori ezabatuko dut albistegietatik; denak du bere ordaina?. Gorospe inspektorea kazetariaren ilobaren laguntzaz ariko da kasua argitu nahian. Hala ere, Ertzaintzak berak espero ez duen amaiera izango du misterioak, irakurlea ustekabean hartuko duena.

Arma, tiro, bammm!

by Joan Mari Irigoien Aranberri

?Hamzak, beraz, leherketa hura zuen jada buruan: izango ez zuen, bada, puntuari begira zegoela musika hura etorri bazitzaion, bamm bamm-bamm? musika hura, bai, gorputzean ere sentitzen zuena, bere gorputza zuhaitz bat balitz bezala, zainak adartzat zituena eta bere bihotz hura fruitutzat; bihotz hura, soka bakarreko lautak bezala, bamm-bamm-bamm egiten zuena, sistoleak eta diastoleak bat eginik; musika hura, segundo gutiren buruan erabateko bakera eraman zuena: BAMMM!? Hari bi nobela bakar berean: batetik, Bereibarko familia bat (Gipuzkoa eta Bizkaia arteko alegiazko herria) bizibidez eskopeta-lantegi bat daukana; bestetik, Balad al Xams-eko (Ekialde Hurbileko balizko herrialdea) beste familia bat, gerra ahaztu baten ondorioak nozitu beharko dituena; modu paraleloan kontatzen zaizkigu batzuen nahiz besteen pozak eta nekeak, eguneroko kontu xeheak eta Historia markatzen duten gertakari handiak, XX. mendeko bigarren erdian hasi eta gaur arte. Hari biek, halabeharrez, bat egiten duten arte. Ez da ohikoa arma trafikoa gaitzat hartzea eleberri batean; irakurlearen gogo-bihotzak inarrosteko asmo osoz egin du Joan Mari Irigoienek, eta helburu horri begira erabili bere artearen tresna guztiak. Hiru ezaugarriok nabarmendu daitezke egilearen lanean: hizkuntzaren erabilera zaindu eta ederra, hainbat istorio sortu eta kateatzeko fabulazio-ahalmen itzela, eta gure gizarteko gai minberak ukitzeko kontzientzia etikoa.

Adiskide bat nuen

by Joxean Agirre Odriozola

Hainbat gai txirikordatzen dira Agirreren nobela berri honetan, batzuk egilearen narratiban ohikoak direnak (obsesio bihurtzeraino, kasik), eta beste batzuk orain agertzen direnak lehenegoz edo indar handiagoz: talde politiko klandestino baten barrunbeak modu aski fantastikoan kontatuak; norbere itxura eta are izaera ere hartzen duen doblea; desira eta jelosia; emakume ezezagun baten mirestea?Donostia eta Venezia artean kokatzen da eleberria, kapitulu laburretan zatitua, narratzaile eta protagonista den gizonezko heldu baten ahotsean laupabost hari aldi berean garatuz, idazlearen marka diren ezaugarriekin: hizkuntza jolasti-dotorea, etengabe irribarrea pizten duen tonu ironikoa, erotismo bizizale eta sentsuala?

Gure Jerusalem galdua

by Aingeru Epalza Ruiz de Alda

Istripua galarazi du, baina ahaleginak izerdi turrustak aterarazi dizkio, bisaian beheiti euri tantekin nahasten direnak. Zaldizkoak ere bere ibilia gelditu du. So ari zaio bere kaparen gibeletik. Belarri erdia falta du ezker aldetik eta eriaren distira hitsa dute haren begiek. Eztula egin du berriz, eztul heze itsusia. Gero listu egin du lurrera, ilun eta likatsu. Hotzikara lotu zaio elizgizonari, bizkarretik. Deabrua bere arimaren bila etorriz gero nola agertuko ote litzaiokeen gogoeta egin duen guztietan, gisa horretako begirada eta gisa horretako eztula izan ditu gogoan. Iruñera doa Joanes Mailu, errege Henrikeren mandatuz, erresuma galduko herritarrak matxinarazteko, espainol inbasoreak kanpora egotz ditzaten. Espioi lanak ez dira horren errazak, ordea, nafar gehienen leialtasuna ez baita Mailurena bezain kartsua, eta gaztelau zitalek bai baitituzte euskaldunen artean ere beren zerbitzari eta eskumakilak. Abenturaz beterik dator Erresuma eta Fedea trilogia goraipatuaren amaierako eleberri hau: gudu odoltsuak eta amodio sutsuak, erregeen aretoak eta kartzela krudelak, mendeku eta traizioak, konspirazio eta sabotajeak, Mediterraneotik Pariseraino; horrez gain, malenkonia kutsu batek blaitzen du kontakizuna, urteak iragan ahala Mailu zahartu, mila jipoi hartu eta bere printzipioei uko egin ez dien bakarra ohartzen denean dela; azkenik, bada kontatzearen gorazarre bat ere, Mailuren etsai eta aldi berean miresle den Axular apaizaren bitartez gaurko irakurleoi egindako keinu gisa. Historia eta istorioa modu harrigarrian uztartzen asmatzen du Epaltzak, eleberri bikaina sortuz eta garaiko giroa ezin hobeto islatuz, umore eszeptiko bat erabiliz, maltzurtasuna eta pertsonaiekiko maitasuna batzen dituena, idazkera guztiz malgu, adierazkor eta biziaz.

Hobe isilik

by Garbiñe Ubeda Goikoetxea

1936ko Gerran ibili eta gero, II. Mundu Gerraren amaieran Frantzian desagertutako Jose Bermejo aitona miliziano anarkistaren arrastoaren bila hasten da haren biloba Bakartxo. Inoiz ezagutu gabeko aitona hari idatziko balio bezala, bilaketaren gorabeherak, ezusteko aurkikuntzak eta horiek sorturiko zalantzak kontatzen dizkigu eleberriak; horiekin batera, familiaren historia berreraikiko du narratzaileak, baita hainbat gogoeta harilkatu ere: sekretuaz, isiltzeaz, bizitza berri bat hasteaz, zaharra ahazteaz? Kazetaritzan ibilbide luzea duen arren, hauxe du Garbiñe Ubedak lehen saialdia fikzioaren munduan, eta azpimarratzekoa da testuaren kalitatea, estilo landu eta dotorea, baita pertsonaien taxuera ñabarduraz betea ere. Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako Augustin Zubikarai beka-sariaren irabazlea izan zen nobela-proiektu hau.

Argazki albuma

by Antton Kazabon Amigorena

Ander trantze zail bat igarotzen ari da Aintzane ezagutu duenean, bera baino hamar urte zaharragoa den erizaina. Harreman berri horri esker berreskuratuko ditu bizipoza eta alaitasuna. Egun batean Anderrek bere argazki albuma elkarrekin ikustea proposatuko dio Aintzaneri. Argazkiak ikusiz, besteak beste, aurrez bikote zuen Maddirekin izandako zenbait bizipen ilunen berri eman beharko dio Anderrek.

Haize kontra

by Patxi Iturregi Escondrillas

Itsasoa izan da betidanik literaturako iturri oparoenetakoa: gure letretan ere ez dira falta arrantzale-giroko istorioak, baina horien aldean berria da Patxi Iturregik dakarkiguna; merkataritzako nabigazioan mundu zabaleko portuetan dabiltzan marinelak edo itsasbazter urrunetan galdutako petroliuntziak, esaterako. Giro erakargarri horren atzean, berriz, gizon-emakumeek gorpuzturiko istorio samin eta indartsuak kontatzen dizkigu egileak: andrazko bat gizonezkoen ontzi batera igo zenekoa, aspaldi ikusi gabeko marinelaren aurrean familiak sentitzen dituen gazi-gozoak, aspaldiko piraten gorabeherak eta itsasertzeko biztanleen larriminak.

Tigre ehizan

by Aingeru Epalza Ruiz de Alda

Mundu oso bat adieraz lezake egun baten kontaketak. Bi mundu elkartze ditu hemen 1944ko abuztuaren 7ak. Bi mundu, eta 36ko gerrak desegindako familia bat: aita, Martin, Venezuelako oihanean dabil lanean, eta giza haragiarekin zaletu den tigre baten ehizan abiatu da gaur; semea, Martintxo, Lapurdiko Larresoron bizi da gainerako senideekin aterbeturik, eta tanke nazien joan-etorriak zaintzen ditu bere lagunekin batera, jakin gabe. Aita-semeen eguna kontatzen zaigu paraleloan, eta tragediaren zantzuak sumatuz doa pixkanaka irakurlea, xehetasunekiko ardura berezia eta hizkuntzaren menderatze harrigarria erakusten dituen nobela labur baina sakon honetan.

Kalamidadeen liburua

by Joan Mari Irigoien Aranberri

Molde guztiak hautsi ditu Joan Mari Irigoienek eleberri honetan, irakurlea batzuetan irriz, besteetan barrez jartzeko asmoz. Pertsonaia xelebre eta karikaturazko batzuen bitartez, komedia gisako istorio txoro bezain airosoa kontatzen digu "Kalamidadeen liburu" honetan, eta aldi berean gizartearen gaineko fartsa sano, lotsagabe eta kritikoa egiten. Zeregin horretan guztiz lagungarriak dira Antton Olariagaren marrazki umoretsu eta zirikatzaileak. Idazlearen irudia, familia barruko harremanak, sexua, ekonomia, matxistmoa, erlijio eta politika modu batzuk... dena jartzen du hankaz gora Irigoienek, baita literatura egiteko legeak ere.

Berriro igo nauzu

by Xabier Mendiguren Elizegi

Itzuli da. Etxera dator presoa, Espainiako kartzeletan ia hemezortzi urteko zigorra osorik bete ondoren. Gurasoak besarkatzea, lagunekin topatzea, ongi-etorriko ekitaldiak ? uholdeka datozkio sentipenak eta oroitzapenak lehenbiziko egun horietan, eta presoak ere sentimenduz gainezka dauka bere barrena, elkarren kontra talkaka borrokan: poza eta amorrua, samurtasuna eta zakarkeria bizinahia eta nekea, porrota eta biziraupena ?

Bizkarrean tatuaturiko mapak

by Harkaitz Cano Jauregui

Bidaia izan liteke esperientzia friboloa, denbora-pasa gisa handik hona ibiltzea, zure bizitzan nahiz gorputzean urratu txikiena ere egin gabe. Beste batzuetan, berriz, larruazalean markaturik geratuko zaizu, ezabatu ezinezko moduan: tatuaje bat bezala, alegia. Motxilaren ordez, hiriaren mapa tatuatua darama bidaiariak bizkarrean, ikusi ezin den tokian. Horregatik du agian munduan galdurik dabilenaren itxura; horregatik izango da, hirien deskribapenik ez baina, hiri bakoitzeko ipuin bana aurkitzea liburuan barrena. 49 hiri, beste horrenbeste ipuinen gertaleku: Aljer, Amsterdam, Chicago, Dublin, Katmandu, Kigali, Lisboa, Samarkanda... Aitzakia da ordea hiria, giro bat iradokitzen diguna, bestelako munduak amesten hasteko, errealitateaz bestaldekoa imajinatzeko. Exotismoa eta ironia, paradoxa eta fantasia... hainbat osagai darabiltza Harkaitz Canok, ohi duen luma trebe eta jantziarekin, ipuin-bilduma eder, harrigarri eta biribil hau burutzeko.

Putzu

by Jose Luis Alvarez Enparantza

1873. urtea da, Donostian. Urtebete bada Bigarren Karlistada hasi zela eta Joxemari Arrubarrena "Putzu", 22 urteko gaztea, ez da lasai bizi armada liberal arrotzak menperaturiko hirian. Pena du bere betiko Putzu kalea utzi beharra baina, bere barruko ezinegona eraman ezinda, armak eskuetan hartuta lagundu nahiko du foruen defentsan, karlistekin bat eginda.Boluntario alde eginez geroztik, Euskal Herri osoan barrena ibiliko da Putzu: Tolosan, Zugarramurdin, Lizarra aldean, Gernikan, Oñatin, Donostiaren setioan berriz ere, baita Ipar Euskal Herrian ere, Lapurditik Zuberoaraino. "El Cuartel Real" aldizkariko erredaktore gisa, armada karlistaren atze-aurre guztiak ezagutuko ditu, bai ofizial eta diplomatikoekin ibili beharra, bai mutilekin tiroka eta borrokan, eta gerraren gorabehera guztiak ere bai, hala garaipen loriazkoak nola porrotik mingotsenak edo bala zauriak...

Euskal Herria krisian

by Joxe Azurmendi Otaegi

?Gure tragedia da, bizi dugun kulturan, zurrutotsik ez egitea guretzat absolutua dela, eta ez hiltzea edo ez torturatzea ez dela absolutua. Horrek ez zuen kritika bat izan nahi, gertakari bat espresatu nahi du: errealitatea horixe da. Beraz, zer egin??. Hala dio Joxe Azurmendik liburu honetako pasarte batean. Euskal Herria krisian du obrak izenburua eta egilearentzat ez dago zalantzarik krisi batean gaudela: badakigu gizakiok tximino kumeak garela, eta historiaren baitan eraiki ditugula geure etxetxoak eta ustetxoak, baina aldi berean Jainkoak behin betiko emandako lege baten nostalgia dago gure baitan, Jainko horri beste izen batzuk ematen dizkiogun arren: dela Ilustrazioa, dela demokrazia... Horra gure kulturaren krisi orokorraren ezaugarrietako bat; nolanahi ere, krisia ez da egonezaren edo gainbeheraren sinonimo, bidegurutzea baizik: krisitik zer edo zer berria irten behar du. Azken aldiko bere produkzioan bezala, gure errealitateaz egiten du gogoeta Azurmendik, gizarte honetako arazo eta kontraesanak agerian jarriz, baina ez inori irtenbidea edo errezeta eskaintzeko, ezpada errepikatzearen poderioz egiatzat dauzkagun hainbat topiko zalantzan jarri eta nor bere kasa berpentsatzera bultzatzeko. Horretarako erabiliko ditu irakurleok hainbeste estimatzen dizkiogun dohainak: zorroztasun eta onestasun intelektuala, erudizio eta jakintza guztiz zabala, zirikatzeko eta ideia berriak kilikatzeko abilezia. Hiru saiakera biltzen dira liburu honetan, aurreko urteetan kongresu espezializatuetan emandako hitzaldietan oinarrituta. Etikaren balioa, borroka armatua, erlatibismo morala, razionalitatearen mugak, ortodoxia /heterodoxia, nazio txikiak, pentsamendu autoritarioa... Horiek eta beste asko dira saiakera hauetako gaiak, zeuri ere gogoeta eginaraziko dizutenak.

Egun denak ez dira berdin

by Xabier Etxeberria Garro

27 urte bete berri ditu Tasio Ardanazek: ez lanik, ez neskarik, inoiz ezer taxuzkorik egin ez eta aspertua dago bizitzaz, ezertarako ilusiorik gabe. Egun batean, ordea, auto-istripu baten ondotik eraztun bat deskubrituko du hildakoaren eskuan, zer edo zer ezkutua sumatuko du hor, eta misterioa argitu nahian hasiko da. Detektibe-istorio hankazgoratu bat aurkituko du irakurleak nobela honetan, Miren izeneko tabernari baten maitasun eta bakardadezko kontakizun hunkigarria ere bai, gaurko gazteriaren erretratu zorrotz bat, epikatik eta topikoetatik ihes egiten duena, eta askoz gauza gehiago.Indartsu dator Etxeberria letren plazara, erregistro eta estilo ugari menderatuz: intriga, pertsonaien psikologia, amodio-kontuak, umore batzuetan beltz besteetan ironikoa... Hori dena, erritmo bizi eta idazkera arin batekin: esaldi laburrak, kaleko hiztegia, espresibitate handia... Hitz batean esanda, ezagutu beharreko idazlea.

Ipuin batean bezala

by Joan Mari Irigoien Aranberri

Amodioaren gazi-gozoa dakarkigu Joan Mari Irigoienek eleberri eder honetan; maitasuna baita pertsonaien motor eta akuilu, maitasuna halaber beren buruhausteen iturburu. Sararen eta Anderren bizitzak buelta asko emanak ditu elkar ezagutu baino lehen. Maitasunaren era bizimodu alternatibo baten atzetik joan zen Sara, etxea, lana eta familia utzitza, Granadako Alpujarretara; urte ezti batzuen ostean zoritxarra iritsi zen, eta gero drogaren zuloa, eromenaren infernua... Ander, berriz, etsiak jota dago ia-ia bizitza sentimentalari dagokionez. Eta horra non sortzen den, porrotaren hautsetatik, amodioaren txoria zerua hegaka.... Goxo eta garratzak dira aldika pertsonaien pasadizoak, halakoxea delako bizitza ere, gogorra eta leuna, malkoa eta irria tartekatzen dituena. Horregaitik esan liteke bizitzaren aldeko kantu bat dela sakonean IPUIN BATEAN BEZALA, zoritxarrez gainetik beti baitaude bizi pozerako arrazoiak, gaitzen zirrikituetatik aurrera egingo baitu beti biziak.

Van't Hoffen ilea

by Unai Elorriaga Lopez de Letona

Ministerioko funtzionarioa da Matias Malanda, bere arloan onena nonbait, eta proiektu bat dela-eta iritsi da Idusera, lan hori zertan datzan inork argi ez badaki ere. Etxez etze ibiliko da bere grabagailua hartuta, herriko pertsonaia berezienen bizitzak jasotzen, ustez, asmo horren atzean beste helburu batzuk gordetzen diren arren. Tipula-azalen antzera, misterio bat ezkutatzen da beste misterio baten azpian, kontakizunak aurrera egin ahala irakurleak argituko dituenak. Bien bitartean, mikroipuin ugari topatuko ditugu, jende bitxiaren biografia moduan: xake-mota arraro batean jokatzearren ondasun guztiak saldu zituzten anaia bien istorioa, presoen agiriak falsifikatuta garaia baino lehen kaleratzen zituen kartzelako idazkariarena, artazi formako museo bat eraiki zuen arkitektoarena... Bere estilo bereziaz idatzi du Elorriagak bigarren eleberria: gauzak hitz erdika esanez, elipsien bidez sujerituz, testuan eztanda eta txinparta etengabeak bilatuz. Istorio xelebre guztion atzean, ordea, gizatasuanren taupada beroa nagusitzen da, begirada pikaro batekin aldi berean irri eta keinu egiten diguna.

Romain zen bere izena

by Joxean Agirre Odriozola

Mantso idazten duen egilea dugu Agirre, bere kazetari-lanean presaka aritu behar duelako beharbada; orrialde bakoitza luze pentsatu, esaldi bakoitzari bueltak ematen dizkio, gustura geratu arte, eta igartzen da gero emaitzan, kalitate handiko testuak lortzen baititu. Nobela hau sortzeko Joseba Jaka literatur sorkuntzako beka jaso zuen, eta haren laguntzaz egin du orain irakurleok dasta dezakegun obra sorgingarri hau: Romain zen bere izena. Literaturazale guztiak txoraturik eta jakin-minez dauzkan idazle baten bilaketak osatzen du nobela sorgingarri honen bizkarrezurra. Balizko idazle horren emazteak senarra hiltzen du liburuaren hasieran, bere bizimodu ezkutuaz nazkaturik nonbait, sekretua behingoz argitzeko gogoz; misterioa konpondu ordez gero eta gehiago korapilatuko da, ordea, irakurlea txunditu eta dibertituko duten bihurgune ustekabekoetan. Protagonista eta kontalaria idazle ezkutuaren peskizan dabilen Ikerketa Batzordeko kide bat den arren, mataza polizialaren hari-muturrak galdu eta nahastu egiten dira etengabe, egileari interesatzen zaizkion gaiei tokia egiteko: arteari eta artistari buruzko gogoeta mamitsuak, esaterako, edo emakumearen gaineko kontenplazio deboziozko bat, gure literaturak inoiz eman dituen orrialde erotiko delikatuenak osatzeraino, ironiaren galbahetik iragazita betiere. Pasarte antologikoz beteriko obra sendo, jostalari eta harrigarri bat osatu du Joxean Agirrek, tolesdura bakoitzean irakurketa berri bat, zirrikitu bakoitzean ihesbide bat proposatzen diguna. Berak hainbeste miresten dituen kultuzko egile horietako bat bihurtua, ia-ia.

Esan gabe neukana

by Agurtzane Juanena Alustiza

1975eko irailean atxilotu egin zuten liburu honen egilea, 18 urteko militante gaztea eta unibertsitateko ikaslea zela. Larriki zauritua irten zen handik, eta urte eta erdi behar izan zuen lesioak osatzeko. Barruko oinazeak askoz gehiago iraun zion ordea. Hain zuzen, hustu-behar horri erantzunez idatzi zituen oharrok, baina oroimen pertsonalari oroimen kolektiboa erantsiz, herri honen historian garrantzizkoa den zerbait konpartitu nahian. Bi testu-mota uztartzen dira orriotan: batetik, komisariako gertaeren kontakizuna, egileak aspaldi idatzia, gaztelaniaz baina alfabeto grekoz, amak aurkituta ere uler ez zezan. Bestetik, hogeitaka urte igaro ondoren egindako oroitzapen eta gogoetak, kontaera gordinari arnasa eman eta norberaren esperientziari bestelako sakontasun bat eransten diotenak. Hitz doi eta juxtuz askatu du Agurtzane Juanenak bere barrena, dramatismo nahiz sentimentalismo errazetik ihesi, literaturaren zintzotasunean bilatuz bere historiaren adierazpena eta pertsonen arteko ulermena.

Greta

by Jasone Osoro Igartua

Oskarrentzat, lehenaldiarekin daukan lotura bakarra da Greta, amona Sararen dendako manikia. Ordu luzeak ematen ditu hari begira, harekin mintzatzen, hura janzten eta garbitzen. Baina ez dago erotuta, ongi bereizten ditu pertsonak eta andrakilak, eta ezkontzekotan da bere betiko andregaiarekin: Anarekin. Anari, baina, gehiegizkoa irudituko zaio Oskarrek panpinarekin duen harreman estu, ia menpekotasunezko hori, eta hautu bat egitera behartuko du: edo Greta edo ni. Horrela hasten da Greta, eta hortik aurrera hainbat ustekabe eta zirrikitu gordetzen dizkigu, bizitzak ikuspegi ugari izan baititzake, eta aurpegi asko eskaini maitasunak. Jasone Osorok, bere lehenengo eleberri honetan, harreman-mota original bezain kilikagarri bati heldu dio, gizon-emakumeen arteko behar, kontraesan, nahi eta ezinetan sakontzeko. Begirada zinematografiko eta estilo iradokitzailea darabiltza egileak, prosa ederreko pasarteak eta elkarrizketa arinak tartekatuz; hala, aldika laztan aldika atximur egiten duen istorio honekin hegan jarriko du irakurlearen irudimena.

Han goitik itsasoa ikusten da

by Julen Gabiria Lara

Idazle gazteentzako Igartza Sariaren lehen deialdian irabazle izan zen Julen Gabiria, eta laguntza hari esker idatzi zuen Connemara gure bihotzetan , bere lehenengo liburua zena eta arrakasta izugarria irabazi zuena. Bosgarren deialdian berriz aurkeztu zen beka honetara, ostera irabazi, eta esku artean dugu sariketa horren emaitza. Han goitik itsasoa ikusten da, Euskal Herrian gerra aurreko urteetan hasi baina, batik bat, II. Mundu Gerra bitarteko Italian gertatzen da, eta bizikleta da bi mutur geografiko horiek lotzen dituen aitzakia: Roman Alberdi mutikoak Euskal Herriko itzulian ikusiko du lehenengoz Gino Bartali karrerista handia; erbestera bidalitako umea dela Frantziako Tourrean topatuko du hurrena, Alpeetako mendi bat igotzen biak, eta haren bila joango da geroago, Toskanako Ponte a Ema herrira. Txirrindulari-kontuez gainera beste gai eta pertsonaia asko aterako zaizkigu bidera ordea: film amerikarrak ezkutuan ematen dituen zinemazalea, txoriak ebanjelizatzen dituen fraidea, lehorrean geratutako marinel portugesa, egunero ogiren batean gerezia sartzen duen okina, judua dela ezkutatu behar duen neskatxa esne-saltzailea? Guztiak ere Toskanako giro lasai, sentsual eta bizizale horretan blaituak. Idazkera txinpartatsua, giro ameslaria, ukitu surrealistak eta injustiziaren kontrako matxinadarako deia elkartzen dira istorio eder bezain hunkigarri honetan, literatura eta bizitza eskutik joan daitezkeela erakutsiz.

Eguzki Beltzaren sekretua

by Alberto Ladron Arana

Eguzki Beltzaren Sekretua espioitzazko thriller klasiko bat da, irakurlea nazien Alemaniara daramana eta bere trama zirraragarrian katigatuta edukiko duena; hala ere, baditu ukitu fantastiko eta are esoterikoak ere, nortasun berezia ematen diotenak: zertara joan da SSetako espedizio bat Tibetera? Zer misterio ezkutatzen du Wagnerri buruzko espezialista den ofizial nazi horrek? Zer lotura du horrek guztiak Mundu Gerrarekin? 1939ko otsaila da. Gerra Zibila amaitzear da Espainian, baina askoz gatazka gogorrago eta odoltsuagoaren zantzuak sumatzen dira Europan: potentzia batzuk eta besteak beren armadak indartzen ari dira, eta zerbitzu sekretuen bitartez etsaia zelatatzen. Giro nahasi horretan, Iparraldean aterpetua dagoen gudari gazte bat espioi-lan lanbrotsu bezain enigmatikoa egitera bidaliko dute bere buruzagiek, Parisen aurrena, nazien Alemanian gero, berak jakin gabe agente espainiar bat orpotik duela uneoro. Espioi-eleberri onenen ezaugarriak ditu Ladron Aranaren nobela honek: dokumentazio zorrotza, girotze bikaina, pertsonaien psikologia berezia, maisuki jositako haria, idazkera arina, erritmo ongi neurtua? Horri, eta liburua zipriztintzen duten ukitu fantastikoei esker, irakurlea hasieratik amaieraraino bizi bezain gozo eramaten duen lana burutu du egileak. Eta hondarrean galdera zentzugabe bat piztuko zaio agian: hau dena sinestezina da baina, halako zerbait izan balitz??

Hamabost zauri

by Karmele Jaio Eiguren

Hamabost zauri: senarrak utzi duen emaztea, edo ezkontzaz kanpoko abentura duena, edo erantzunik ez daukan maitasun antzua... gizon-emakumeen arteko hartu-eman beti korapilatsuetan oinarritu da Karmele Jaio bere lehenengo liburu eder eta tarteka mingarri hau idazteko. Binakako bakardadea, komunikazio-inkomunikazio arazoak, desiraren eta errealitatearen arteko amildegia... gai horietatik abiatu eta elikatzen dira hamabost istorio hauek. Hasperen baten atzean egon daitezkeen pentsamenduak hitzen bitartez irudikatuz, burutik pasatu baina esan gabe geratzen diren esaldiak azaleratuz. Giza harremanen eremu labainkorrean eroso baina tentuz mugitzen daki egileak, pertsonen barrunbe ezkutuetan arakatzeko, gure nahi eta ezinak begirada zoli bezain delikatuarekin agertzeko. Ahots berri bat ateratzen da hemen euskal narratibaren plazara. Talentua, nortasuna eta sentiberatasuna erakusten dituen ahotsa, irakurleen buru-bihotzak inarrosten jakingo duena.

Karonte

by Asel Luzarraga Zarrabeitia

Urtebete koman eman ondoren guztiz sendaturik itzultzen da etxera Amets Olazar, eta han du zain Naroa, 18 urteko lehengusina argentinarra. Hasierako normaltasun itxura horren pean gauza arraroak hasiko dira sumatzen ordea: Ametsen izaeraren eta ezagupenen aldaketa, inguruan zelatan dabiltzan pertsona ilunak... Zientzia fikziozkoa dirudien argumentua gure egunetara ekarriz, nobela kilikagarri bat idatzi du Asel Luzarragak, teknologia berriak giza kontzientziaren kontrolerako erabiltzen diren gizartearen posibilitateak arakatzen dituena, Bilbotik Tokiorako joan-etorri zorabiozkoan. Horrez gainera, misterioa eta maitasuna dira testuaren elementu nagusiak, narratzaile desberdinak erraz bezain natural nahasten dituen idazkera arin batean. Osagai horiekin guztiekin, gustuko koktela topatuko du hemen irakurleak. Nobela honi esker idazle gazteentzako Igartza Saria irabazi zuen Asel Luzarragak

Bekatuak

by Ana Urkiza Ibaibarriaga

Bekatuaren ideia badirudi desterratua dugula geure burutik: modernoak gara, utikan sineskeria horiek! Alabaina, eguneroko bizitzan etengabe sortzen zaizkigu zalantzak, tentazioak, nola jokatu ez dakigun egoerak. Eta gero kontzientziaren harra dator, azpitik hazka eta hozka.Ana Urkizak hainbat ?bekatu? mota bildu ditu liburu honetan: harrokeria, mendekua, desleialtasuna, inbidia, faltsukeria, lapurreta, traizioa... Asmoa, baina, ez da katalogo bat egitea, ezta geure bizimodua antolatzeko aholkuak ematea ere, ipuinak asmatu baititu egileak gai horien inguruan.Istorio zirikatzaile bezain kitzikatzaileak dira bilduma honetakoak, ederrak eta sujerikorrak, giza kondizioan arakatu eta zer pentsatua ematen dutenak, azkenean irriño bat sortzeko ahoan, edo kezka bata arima barrenean.

Vredaman

by Unai Elorriaga Lopez de Letona

Aurreko bere bi liburu arrakastatsuen ondoren (Sprako tranbia eta Van?t Hoffen ilea), nobela berri batekin dator Unai Elorriaga (Algorta, 1973): Vredaman. Aita ospitalean gaixo eta ama hura zaintzen dauzkalako osaba-izekoen etxera bidaltzen duten haurra; golf-klub baten barruan errugbi-zelai klandestino bat margotu nahi duten bi lagun; urtetan arkitekto baten andregai izan baina inoiz ezkondu ez zen emakume adindua; aitite gizon inportantea zela jakin eta haren arrastoaren atzetik dabilen gaztea. Elkarrekin nahasten diren hainbat istorio daude liburu honetan, pertsonaia ameslari, xelebre edo maitagarriz beteak, bakoitza bere estilo eta hizkera berezian kontatua: haurraren sinpletasun magikoa, atso-agureen berritsukeria patxadatsua, alprojen elkarrizketa zoroak? Jolasetik asko du eleberri honek, baina jolasetik harago gizatasun-taupadak ere nabarmenduko ditu irakurleak, amaierara hurbildu ahala emozioan goraka doan kontakizun biribil eta gozagarri honetan.

Refine Search

Showing 101 through 125 of 315 results