Browse Results

Showing 51 through 75 of 315 results

Gauak eta hiriak

by Ur Apalategi

<P>Felix, Antton eta Muriel gazteak dira eleberri honetako pertsonaiak, eta gaztaroaren heziketa sentimental osoa biltzen da hiruren arteko harremanetan: maitasuna eta jelosia, adiskidetasuna eta gorrotoa, baita bizitzako sasoi horretan hain ohikoak diren konplexuak ere. Nahiak eta ezinak. Gaua, hiria eta gaztaroa dira, beste maila batean, eleberriko protagonista nagusi eta boteretsuak. Esan gabe doa, gaua nagusitzen denean gazte jendeak hartzen ditu kale, taberna eta pubak. Kale horietan sortu, garatu eta mamitzen dira maitasuna eta gaztetasunaren irrika eta afanak. <P>Oso giro urbanoa eta urduria da eleberriaren muina. Horrekin guztiarekin batera, giza sentimenduetan barneratzeko zorroztasuna da eleberri bizi, egun-eguneko eta sikologikoki kupidagabe honen ezaugarririk aipagarriena.

Tobacco days

by Anjel Lertxundi

Gipuzkoako kostaldeko herri bat da eleberri honetako istorioen gertalekua. Udako turista-bisitarienak ez bezala, itsas herri horretako bizilagun askoren egunak -eta batez ere, gauak- arazo, kezka eta urduritasunez gainezka ageri zaizkigu. Izan ere, kontrabandoak, tabako kontrabandoak hain zuzen, bere barne-arau, kodigo eta pikareska ditu. Zinema beltzak hain ohituta gauzkan hanpako munduaren harreman korapilotsu eta gatazkatsuen isla urruna bihurtzen da kontrabandoaren mikromundu hori: boxeoaren munduko etengabeko aipamenen artean, taberna zuloak eta karta-jokoak, mafioso itxurako nagusiak eta kontu-garbitzeak, hilketak, salatariak eta xantaiak, goardia zibilaren saldukeria... Hori guztia da Tobacco days izenburu zinemadun honen mundu narratiboa. Zinemaren munduari eskainitako omenaldi xumea.

Zergatik panpox

by Arantxa Urretabizkaia Bejarano

Zergatik Panpox nobelagilearen lanik biribilena da. Lagunak alde egin ondoren emakume batek bere haurrarekin bizi duen egun normal bat kontatzen digu nobelak. Goizean goizetik gosaria eman, ikastolara joan behar dela hurrengo, arratsaldean jaso... lotara eraman arte, eta protagonista bera oheratu arte egin eta burutik pasatako gogoetak dira nobelaren edukia. Txema lagunaren ausentzia oroitzapen huts baino zerbait gehiago da nobelan, emakumearen gogoeta gehienetan dago haren ausentzia. Bakardadea sentitzeko ere ia tarterik gabe dago emakumea, halakoxea baita bere bizitzaren atze-aurrea. Baina tartetxo bakan horietan isurtzen da nobelara etxetik alde egin zuen lagunaren oroitzapena. Emakumea da kontalaria, eta emakumearen sentsibilitate unibertsalenetik dago kontatuta nobela, haren sentimenduak guztionak baitira. Virginia Woolf-en Mrs. Dolloway nobelako sentsibilitatea ez dago Urretabizkaiaren nobelatik urrun. Zergatik Panpox-ek ere egun batera errenditzen du kontatutako esperientzia literarioa.

31 baioneta

by Aitziber Etxeberria

DONOSTIA, "Opera Prima" SARIA 2007 1813ko uda da. Espainiako Independentziako Guda azkenetan eta tropa anglo-portugaldarrak gero eta hurbilago dauden arren, Napoleonen tropen menpe dago Donostia. Bere bizitza goitik behera astinduko duen bisita egingo dio François soldadu frantsesak Uliako Beatrizi. Ezezkorik onartuko ez duen eskaera soil bat du esku artean, pairatzen duen ikusmen arazoa sendatzea. Soldaduak badaki garai batean Beatriz petrikiloa izan zela eta baita Inkisizioarekin arazoak izan zituela ere. Iragana harrotu eta bere familia arriskuan jarri nahi ez badu, erronka onartzea beste aukerarik ez zaio geratuko alargunari. Guzti hau gutxi balitz, Donostiak jasango duen guda giro, setio eta suteak, egoera oraindik gehiago laztea baino ez du lortuko.

Umeek gezurra esaten dutenetik

by Uxue Apaolaza

<P>Umeek gezurra esaten dutenetik leitzeko jarraibide batzuk. <P>1) Bilatu leku eroso bat irakurtzeko: besaulkia, ohea, belardi bukoliko bat. Edo ez: leku aldrebes batek balio diezazuke ere bai. Berdin-berdin sentiaraziko baitzaituzte deseroso liburu honetako orrialdeek. <P>2) Irakur ezazu egunean ipuin bat; bi, askoz jota. Hortik aurrera ardura zurea da soilik. <P>3) Kontuan har ezazu Uxue Apaolaza egile gaztea eta euskalduna dela, baina, hala ere, eta gezurra irudi dezakeen arren, ez duela literatura buenistarik egiten. Ez ezazu apalategian ipini Isabel Allenderen edo Paulo Coelhoren liburuen ondoan; ez ezazu irakurri, nik zer dakit, U2ren edo Mikel Urdangarinen azkeneko CDa entzun bitartean. <P>4) Jakizu Uxue Apaolazaren zakilak loditu egiten direla, ez tentetu edo gogortu, euskal literaturan ohikoa den bezala; horretan pixka bat pentsatuz gero konturatuko zara ñabardura ez dela hutsala. Eta litekeena dela hemendik aurrera ikusi, ukitu edota imajinatuko dituzun zakil guztiek tentetzeari edo gogortzeari utziko diotela, loditzen hasteko. Etengabe, koipetsuki. <P>5) Ez egin jaramonik jarraibide hauei: hauxe da hutsik gabe bete behar duzun erregela bakarra. Liburu batek, are gutxiago ipuin liburu batek, ez du instrukzioen beharrik. Liburu onez ari naiz, noski: axola duten liburuez. Hau bezalakoez. <P>6) Baina gogora ezazu liburu hau itxi eta mundu errealaren goxotasunera atzera itzultzeko esperantza galdu behar duzula: irakurri berri duzun azkeneko ipuinaren azkeneko lerrotik bista altxatu bezain laster konturatuko zara liburuko mundu berean jarraitzen duzula. Eta, okerragoa dena, bertan bizi zinela lehenago ere, Uxue Apaolazak zuretzat desestali aurretik.

Itzalak

by Iban Zaldua González

"Ohetik jaiki bezain pronto kontatu nahi izan zidan. "Ba al dakizu zer amets egin dudan bart? Abandonatzen ninduzula; beste emakume batekin elkartzen zinela. Ez nuen ezagutzen, baina jakin badakit ni baino gazteagoa zela. Umeak zurekin gelditzen ziren, noski, eta, ondorioz, etxetik alde egin behar zuena neu nintzen. Pisu konpartitu batera joan nintzen bizitzera". Irribarre egin nuen, zer bestela: beti egin dit grazia Arantzaren amesgaiztoen zehaztasunak; ni ez naiz sekula akordatzen neureez. "Eta norekin joaten zinen bizitzera, jakin ba daiteke?", galdetu nion. "Nekanerekin. Senarrak utzi berria hura ere". "Nekanerekin? Ez duzu apenas ezagutzen ba". "Bai, niri ere bitxia iruditu zait. Baina badakizu nolakoak diren ametsak", erantzun zidan. Haien bien etxebizitza berria deskribatu zidan ondoren, altzariak eta guzti. "Ba al dakizu, ordea, zerk izorratu ninduen gehien, ametsean? Ez zenidala ezer kontatu zure azkeneko liburuaren eskuizkribua zuzentzen amaitu nuen arte". Hori egia da: nekez aurkituko dut nire testuen irakurle hoberik, emaztea baino. Une horrek besarkada bat eskatzen zuen, eta besarkatu nuen Arantza, nola ez. "Nolako gauzak amesten dituzun, neska...", esan nion belarrira". Nekanek ez zuen txintik atera: eskua mesanotxerantz luzatu eta beste zigarro bat hartu zuen, eta txiskeroa. Keinu bizkor batez piztu zuen. Trinkoagoa egin zen logelako kea. Isilunea ez zen oso luzea izan. "Noiz kontatu behar diozu gure artekoa Arantzari?", bota zidan, espero nuen bezala. "Laster", erantzun nion Nekaneri, "oso laster. Nire azken liburuko kontrazaleko ipuina zuzentzen didan bezain laster".

Hamar manamenduak

by Xabier Etxaniz Rojo

"Prostitutekin harremanetan hasi zenez geroztik egin ohi duen gauza da iragarkiak azpimarratzearena. Sei iragarki azpimarratu ditu. Sei horien artean badago bat aspaldiko partez begiz jota daukana. Iragarkiak zera dio: Susi. Heldua. Dibortziatua. Goza nazazu senarrak gozatzen jakin ez zuen bezala. Apartamentu pribatua. Soilik arratsaldez. Fernandok telefonoa hartu eta iragarkian agertzen diren zenbakiak markatzen hasi da. Ahots leun bat agertu da telefonoaren bestealdean. "Susi naiz" dio ahotsak. Fernandok iragarkia irakurri duela esan dio, bai eta ea zer den senarrak gozatzen jakin ez zuena galdegin ere. Susiri ahotsa ezaguna egin zaio eta ea inoiz elkarrekin egonak diren galdegingo dio. Fernandok ezetz baina elkar ezagutuko dutela, gauzak prezio onean eginez gero, bederen. Musu truk gauza gutxi erantzun dio. Fernandoren irribarrea desagertu egin da bat-batean. Esaldiaren bukaera izan da segurtasun irribarrea ezabatu diona. "Capullito" hitza. Fernandoren burmuinak arrapaladan ekin dio pentsatzeari. "Capullito" hitza. Susi ohartu da isiluneaz. Bera ere hasi da pentsatzen. Segundo bat. Ahotsa ezaguna du. Beste segundo bat. Biak isilik. Zerbaitek Susiri bultza egin dio. Ezin jasan hirugarren segundo bat. "Fernando?" "Susana?" izan da Fernandoren erantzuna. Eta biek telefonoa dute eskegi".

Traizioak

by Iban Zaldua González

Iban Zalduaren berrogei narrazio jasotzen ditu liburu honek, batzuk laburrak, luzeagoak beste batzuk. Traizioak ezkutatzen dituzte gezurraren itzalean: traizioa Iraultzari, Aberriari, Memoriari, Errealismoari, Literatura berari. Guztiak azaleratzen dira obsesioz, mamuz, lagunez eta etsaiez beteriko bilduma honetan. Berrogei traizio, berrogei ipuin. Honen antzekoak: "Hamasei urte bete zuen egunean, Judas Iskariotek Jesusek bidalitako papirozko eskutitz bat jaso zuen; irakurri ondoren errausteko agintzen zion, eta sekretua gordetzeko. Handik aurrera gertatu beharreko guztia azaltzen zuen, zehatz-mehatz, eskutitzak: non eta noiz elkartuko zen Judas apostoluekin, taldekoen diruzaina bihurtuko zela, eta, garrantzitsuena, Jesusi berari traizio egin beharko ziola, eta gero bere buruaz beste egingo zuela. Azken batean, traizio horren bitartez beteko zen Jesusen patua, eta hala frogatuko zuen berak, Judasek, Haren jarraitzailerik fidelena zela. Historiarentzat saltzaile doilorra izango zen Judas, baina Jaungoikoaren eskuinera eseriko zen ezinbesteko zerbitzu horren ordainean, erabakigarria izango zen eta haren ekarpena Kristoren Eliza eraikitzeko. Papiroak azaldu bezala gertatu zen dena. Judas ez dago Jaunaren eskuinera eserita, ordea. 2000. urtearen hasieran Israelgo arkeologo talde batek Judas Iskarioteren azkeneko traizioaren tresna topatu zuen Itsaso Hilaren ondoko haitzulo batean: haren testamentua, non egia osoa aitortzen baitu, eta, ondoan, Jesusek berak bidalitako eskutitz hura. Arkeologoen iritziz, dokumentuok luzaro irauteko utzi zituzten prestatuak".

Bi bihotz, hilobi bat

by Ramon Saizarbitoria Zabaleta

Senar-emazteen arteko harreman zalapartatsuak dira eleberriaren muina. Zenbaterako mespretxatzen duen emazteak bere senarra! Izugarria da Florak arbuiorako duen gaitasuna, irain zahar baten mendeku errukigabea da harena: "gizon" ez izatea omen da senarraren errua. Salaketa horren atzean, baina, emakume konbentzional bat dago: familia, etxea eta kanposantuak dira Floraren munduaren neurriak. Sinplekeria baldar horren aurka gutxi egin zezakeen enziklopedia saltzaileak: abenturaren bat edo beste Bioletarekin eta, batez ere, komizitate igurtzi batez mozorrotu bere egoera mingarria. Patetikoa da senarraren egoera, eta algararaino komikoa hura indartzeko eleberriak darabilen tonua.

Gezurrak, gezurrak, gezurrak

by Iban Zaldua González

"Joxe heldu eta gutxira azaldu zen Marga: -Zer? Zer moduz hire koadrilakoekin? -Eta hi? Izan al haiz etxe zaharrean? Zelan daude landareak? -Erruz ureztatu ditiat, erosi huen ongarri hori gehitu zioat urari, oso pozik jarri dituk, badakik nolakoak diren. Salako ateari berniza eman zioat, bide batez. Isilunea. -Handik natorren, eta ez haiz bertan arratsalde osoan egon. Bigarren isilunea, are sakonagoa. -Beno, motel, eskolan katigatu gaitiztek, badakik nola gabiltzan bilerekin eta gurasoekin, ez diat hara joateko astirik izan, eta ez hindudan landareen kontuarekin larritu nahi... Ez duk pentsatuko, ba, beste gizon batekin...? Tira! -Hik aipatu dun horrelakorik, ez nik." Denok esaten ditugu gezurrak. Baita zuk zeuk ere, irakurle. Bizitza ezinezkoa izango litzaiguke gezurrik gabe. Bikotea: gezurra. Lagunak: gezurra. Familia: gezurra. Merkatu askea, estatistikak: gezurrak. Demokrazia: beste gezur bat. Euskal Herria: gezurra. Literatura: gezurra hor ere. Hala ere, hain dira garrantzitsuak etengabe kontatzen ditugun gezur horiek non, azkenean, benetakoak bihurtzen baitira. Edo ia benetakoak. Hori uste du, behintzat, liburua osatzen duten hogeita sei ipuin hauen egileak. Egia esan badigu, noski.

Laura kanpoan da

by Jabier Muguruza Ugarte

Honako hau Jabier Muguruzaren helduentzako bigarren liburua da. Bizitza pusketak (1996) haren jarraipen gisa ere har daiteke liburua. Izan ere, oraingoan ere, bi narraziotan banatutako bizitza pusketa bana baitugu kontagai: Laura kanpoan da eta Mont-de-Marsan. Rock kontzertu baten inguruan harilkatzen da lehenengo narrazio luzea. Bertan Markosen nortasun eta sentsibilitatearen bueltan eraikitako narrazioa da: anaia rockero ospetsu eta liderrarenganako harremanak direla edo Laura emaztearenganakoak direla. Bi mundu Markos ezkonduaren eta rock erradikalaren artekoak. Bigarren narrazioan iparraldeko bar batera lan bila doan pianojolearen peripeziak kontatzen zaizkigu.

Bihotz bi

by Ramon Saizarbitoria Zabaleta

(Zabalpen Saria 1997) Eta horra nola idazten duen komikoki, samur, zoragarri maiz, huskeria eta zer horiez guztiez. Exagerazioa ere hor dago, eta nabari da denborak urratutako iragan hori, ezagutzearen ohitura, nekea, hitzak esateko edo ez esateko ezina, gerra saihets lezakeen keinua egiteko edo ez egitekoa, bestea amorratzeko moduan jardun behar petral hori. Gorrotoaren, indiferentziaren, suminaren, errukiaren, samurtasunaren errito odoltsuak, edota horren guztiaren planta egiteko erritoa. Urkoa ondo ezagutzen dela uste eta norbera izan tolesgabea. Benetan nahi ez duguna nahi izateko setakeria funtsgabe hori. Hitzen eta begiraden, pentsamenduen, aurreikuspenen gerra zentzugabe hori: hau egingo du, hori pentsatuko du, zera usteko du, eta agian, beharbada, akaso... A, zein gozoa nor bere buruaz errukitzea! Aldi berean, norbait zurea dela ziur jakiteko gogo hori, inolako arrisku izpirik gabe; segurtasun falta eragozle hori. Hain gaizki maitatzea, izan zena iraunarazi nahi izatea, jadanik ez den arren. Maitatzea ez baitago edonoren esku. Gizajoa, hain irrigarria, hain berekoia, eta hain samurra ere bai, inoiz. Eta gero neskato hori dago, hain gardena; ikusi ere egiten ote du gizonak. Ez da deus. Ez da. Nola kalifikatu sorginkeriaz bezala agertzen eta desagertzen den norbait, amets bat baino pisu handiagorik ez duen norbait, itxaropenaren maila ere ez duena. Eta poeta kaskar bat, doi orduantxe han portunatu behar zuena. Eta Samuel, gudari zaharra, aita gisa, zentzudun bakarra zentzugabekeria horren baitan. Eta beste hura, leiho barrena gainditu eta patioko zoladuraren kontra lehertu dena. Huskeria bat. Aurrera doa bizitza, auzitegiko enbarazu batzuk gora-behera; ezer larririk ez. Izate bitxia gurea. Helena Sotelo

Rossetti-ren obsesioa

by Ramon Saizarbitoria Zabaleta

"Eta, azkenean, pare bat jolas metaforikorekin luzatu ondoren, alegoriak utzi, eta bere ipurmasailak aipatzen nituen besterik gabe. Ipurmasail biribilek zoratzear nindukaten, irrealitatetik -batzuetan duda egiten bainuen existitzen ote ziren- egiazko bizitzara nindekartelako. "Amets huts zinena gorpuztu egin zara, zure ipurmasailak dakuskidalako", eta bide horretatik, "zutaz ase nahi dut, zure ahotik edan...". Ez dut uste ulertu ahal izateko gehiago esatea merezi duenik, kontuan hartuta ez dela hau, inondik ere, harro sentiarazten nauen oroitzapena. Ez dakit nola izan nintzen horren ausarta, kontuan hartuz ere errazago dela horrelako gauzak izkribuz esatea. [...] Telefonoz deitu zidan, goizez, eta berehala jakin nuen eragin positiboa lortu nuela izkribuarekin. Bestela izan balitz ez zidan deituko, noski, baina, horretaz gain, nor da? galdetu nuenean, bizitza osoan ordu arte entzundako doinurik sentsualena entzun nuen. Zin dagit belusezko ahotsak existitzen direla. "Maite zaitut" esan zidan, zeta gaztelaniaz ahoskatuz. "¿Lo digo bien?". Baietz erantzun nion noski. "Qué maravilla" esan zidan, "qué bien escribes, me tienes anonadada". Antzeko baieztapen zerrenda luze baten ondoren, ea ba al nekien non zegoen galdetu zidan, eta nik, noski, ezetz; nola jakin behar nuen. "Ohe gainean nago etzanda" esan zidan. "Estoy tumbada encima de la cama y tengo los muslos calientes, tío". Pentsa daitekeenez, ezin nuen listurik irentsi. Harriturik nengoen portaera harengatik, eta harro nire literaturaren eraginagatik. Irakurtzen ari nintzen liburua esku artetik erori zitzaidan".

Koaderno gorria

by Arantxa Urretabizkaia Bejarano

Aspaldi honetan eleberriak argitaratu gabe egon ondoren, Koaderno Gorria aurkeztu digu Arantxa Urretabizkaiak. Arrazoi politikoak tarteko zirela, emakume bat bere senar eta umeak utzi beharrean aurkitu da. Hasiera batean distantziak baizik ez zuen bereizten familia. Halako batean, ordea, senarra eta umeak erabat desagertu zaizkio bizitzatik. Ez du hurrengo zazpi urteetan haien paraderoaren berririk izango. Une horretantxe irudika genezake eleberriaren abiapuntua: nola iritsi umeekin harremanak izatera, nola ikusi oraindik umeek gogoan duten ala amaordekoak bete duen osorik haren lekua... Horretarako bidali du Venezuelara mezularia, eta haren eskuetan jarri Koaderno Gorria. Bi planotan dago antolatuta eleberri hau: mezulariaren ikerketa eta mugimenduak, batetik, eta amaren oroitzapena erabat estali ez zedin amak berak idatzitako aitormena, bestetik. Koaderno gorri hau primeran antolatu eta soluzionatutako eleberri hunkigarria da.

Un ange passe

by Pello Lizarralde Larraza

Pello Lizarralde kontalari berezia da. Ez ditu bere ahaleginak ahituko narrazioaren errenkari jarraika; Pello Lizarraldek bai baitaki hura baino interesgarriagoa dela narrazioaren atmosfera kutsatzea, astuntasun edo arintasun giroa irakurleari sentiaraztea. Horixe lortu zuen Sargori (1994) deritzan narrazioak: sargoriaren astuntasuna aleka jasanaraztea. Oraingo honetan alderantziz gertatzen da, giroaren eta narrazioaren eraiketa xehetasunez bete eta zehatza "isilaldi" arinen gainean kulunkatzen da: "Un ange passe". Eta, hala ere, "isilaldi" edo "esan gabe"ko horietan kondentsatzen da narrazioaren funtsa. Hitzik gabeko edo aipamenik gabeko hari iheskor horiexetan hartzen dute oin urtaroen kadentzian eratutako lau narrazioek. Ezdeusak diruditen hari horiek, ordea, erabat baldintzatzen dute Pello Lizarralderen narrazio liburua. Narrazio hauetan bada literatura munduko oihartzun ugari, ala nola Melvilleren Moby Dick edo Tobias Wolfen ipuinena, Tabucchiren eta Calvinoren lanena edo Antero Quentalen poemena.

Berriz ere hutsetik hastera

by Miguel Angel Mintegi Larraza

"-Maialen -galdetu nion gero-, zer da maitasuna zuretzat? -Galdera polita. Maitasuna zer den... -berriro isildu zen-. Aurpegi anitzeko panpina, amaiera anitzeko ametsa, zoramen liluragarria... Nik al dakit! Hainbat aurpegi ditu! Berez, guztiz ederra, baina baita tragikoa ere, askotan. Bizitza beraren parekoa da, Idoia, edo hori iruditzen zait niri, abentura bat, agian. -Ez nabil definizio baten bila, Maialen, zuretzat zer den jakin nahi nuke, horixe besterik ez. -Kinka larrian jartzen nauzu. Zer den... Zer izatea nahiko nukeen esango dizut, zer den esatea beste kontu bat da, oso gauza pertsonala esango nuke. Inork ba ote daki? Idoia hemeretzi urte betetzera doa, eta ia urtebete darama etxetik kanpo, nerabezaro zorigabeak eraginiko zauriak sendatu eta bere bizitza propioa antolatu nahian: libre, inongo presiorik gabe. Horregatik,maitasuna ate joka etorri zaionean, gezurra badirudi ere, nahastuta dago. Ezin izango dio, ordea, bihotzaren bultzadari aurka egin, eta bete-betean murgilduko da maitasunaren abenturan. Horrezkero, azken hilabeteetan gorabehera gutxi izandako bizimodua, erabat aldatuko da, tonu arrosaz eta ilunez betetako kaleidoskopio bihurtu arte. Oraingo eleberri honekin, neska gazte baten eskutik, argi-ilunak nagusi diren sentimendu eta harremanenmundu korapilatsura eramaten gaitu Migel Anjelek, arrosatik beltzera, baina beti ere, urdin argia helburu.

Kandinskyren tradizioa

by Ramon Saizarbitoria

Behin batean, amak liburutegitik jaso ohi zituen liburuen artean, Kandinsky eta ni izenburukoa atzeman nuen, pintorearen alargunak idatziriko memoria liburu bat, zeinean oso anekdota bitxia ageri den. Dirudienez, antzinako ohitura bati jarraiki, tsarren Errusian, Urtezahar eta Urteberri arteko gauean, neska gazteak kalera ateratzen ziren aurkitzen zuten lehendabiziko gizonari izena galdetzeko, ustea baitzen hura bezala deitzen zen batekin ezkonduko zirela. [...] Anekdota irakurri nuenean abenduaren lehendabiziko egunetan geunden eta, auskalo zergatik, horrelako eroaldiak izaten baititugu, zera sartu zitzaidan buruan, Errusian balekoa zenak balio behar zuela hemen, eta erabaki nuen neuk ere, Kandinskyren emazteak bezala, saioa egin behar nuela. Hauxe da liburuaren hasiera distirantea. Aitor eta Manu: bi izen, bi izakera, bi sentipen, Mirenen bizitzan. Aitor ala Manu izan, egiazkoa ala fantasiazkoa izan, maitasuna bera da maite duguna.

Asier Buruhandiagaren okerrak

by María Bas Juan Bas

Asier Bilboko Alde Zaharrean bizi den hamaika urteko mutikoa da Asier Buruhandiaga (egia esan, kexu samar dabil jakin nahian zein halabeharrez egokitu zitzaion abizen hori). Roke Naxkak, Arantxita Txulitak, Lina Gezurginak eta Mikeltxo Plastak osatutako "banda beldurgarri" baten buru da bera. Elkarren laguntzarekin, "izurritsuen bandak" Asierrek arreba, Rosita, salbatu nahi du, eskola-lagun batzuen jazarpenetik.

Piraten uhartea

by Jon Eugi Aierdi

Piraten uhartea nobelak pirata euskaldun batzuek Karibe aldean izango dituzten gorabeherak kontatzen ditu. Beraiekin hamaika abentura biziko dituzu, irakurle: abordajeak, espetxe ihesak, urrezko altxor baten lapurreta... Izan ere, Martin Legarreta marinel gazteak ezusteko handi bat izango du bere lehenengo itsas bidaian: Juan Agirreandia pirata ospetsua ezagutuko du. Harekin batera piraterian arituko da eta horrela, bera ere pirata bihurtuko da. Pasaia izeneko bere itsasontzian piraten babeslekua den Tortuga uhartera iritsiko da. Han bizipen aberasgarri gehiago izango ditu, besteak beste, Imelda izeneko neskaz maiteminduko baita...

Egun beltzetan, jolas beltzak

by Fernando Morillo Grande

Gazteen errugabetasuna guztietan ankerrena izan daiteke. Giroa latza denean, are latzagoak dira jokabideak: egun beltzetan, jolas beltzak. Izan ere, bizitzak lepotik helduz gero, ez omen da aukera handirik. Edo bai? Liburu honetako protagonistak gaztetako gudak ekartzen ditu gogora. Kanpo- eta barru-gudak. Gudaoste garaia du jolas-leku, eta, gaztaro guztietan bezala, ametsak eta komeriak dauzka elikagai: adiskideen liskarrak eta sexuaren tabuak, liderren xarma eta zaurien negarrak.Txoko ilun guztietatik, amorrua, nahasmena eta irrika. Egun beltzetan, jolasa beltz. Baina baita bizigarri ere. Hala, jolasak jolas, bizitzaren xuxurla gordina entzun beharko du apurka. Eta ametsaren azkena.

Bagdadeko aurpegiak

by Juan Kruz Igerabide

Ali txikiaren aurpegia, bonbaz zartaturiko Bagdad hirian. Ali jakintsu sufiaren aurpegia, Erdi Aroko Bagdaden, jakinduriaren hirian. Tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen aurpegiak. Bizitzaren alde borrokatzen direnen aurpegiak. Ibaiaren aurpegia. Lore aurpegia: Jasmina. Bi istorio txirikordaturik, bi denbora elkarrizketan, bortxakeriaren gorreriaz gaindi. Iraganeko handitasuna, sufi xumeen jakinduria... oraindik ere bizirik dago nolabait Bagdad bortxatuan bizi diren izaki minduetan, elkarrekin arnasa hartzen ikasi nahi duten/dugunon borondate indartsuetan, arrazoigabeziaren eta errukigabeziaren itomenetik irten nahi duten/dugunon bihotzetan. Euria ari du Bagdaden. Aurpegiak hodeien gainean, irribarre bihurtzeko ahaleginetan.

Zazpi bider zazpi

by Felipe Juaristi

"Fernando eta Sebastian trenbidean daude, tunelari begira, bata bestearen ondoan. Sebastian eskuinaldean dago; Fernando, ezkerraldean. Herritik bi kilometrora daude, tuneletik irtenda ageri den tokian: belardi txiki bat ezkerrean, ibairaino, eta belardi handi bat eskuinean, muinoraino. Hirurak eta laurdenetan iristen den trenaren zain daude. Trenaren aurrean gehien eusten dionak irabaziko du azken froga hau, alegia, trena etorri eta trenbidetik beranduen erretiratzen denak. Sebastian kuadrilako liderra bihurtuko da, baina horretarako zazpi froga gainditu beharko ditu, eta ez nolanahikoak. Sebastian hiritik heldu da eta galantak pasaraziko dizkiote herriko lagunek beren kuadrilan onartu baino lehen. Hura, ordea, ez da erraz izutzen den horietakoa, eta, lagunen harridurarako, denak errendituko ditu". Gazteentzako eleberri klasiko bat idatzi du oraingoan Juaristik, abentura eta intrigaz betea.

Nire eskua zurean

by Mariasun Landa

"Gaur goizean, kaletik paseatzen genbiltzala, ihes egitea erabaki dut. Ni neu harrituta geratu naiz bat-bateko erabakiarekin. Nola ez zait, bada, lehenago bururatu! Hain argi zegoen! Zer egiten nuen nik, hantxe, bi haiekin paseatzen, amorratuta ama bere nobioarekin besotik helduta ikustean? Bordara! Alde egingo dut bordara!"

Zeru horiek

by Jose Irazu Garmendia

Hogeita hamazazpi urte betetzera zihoan andrea zen, bizitzaren azken mutturra kartzelako hormen artean pasatakoa. Taxitik jaitsi eta, larruzko maletari bi eskuekin helduz, Barcelonako tren geltokiaren ate automatiko bati begira gelditu zen, hain zuzen ere kristalezko superfizie hartan bere gorputz osoaren irudia azaltzen zelako. Bai, hantxe zeuden bere belaun-izterrak, bere panty beltzak; hantxe zeuden bere antezko txaketa Sidaren laxo gorriarekin eta bere buru ile motx-motxekoa. -Ez nago hain gaizki. Belaun politak dauzkat oraindik -pentsatu zuen. Bere gorputza osorik ikusteak deitu egiten zion. Kartzelako ispiluek ez zuten 40 zentimetrotik gorako luzerarik izaten".

Sugeak txoriari begiratzen dionean

by Antton Olariaga Bernardo Atxaga

Sugeak txoriari begiratzen dionean, txoria itsutu egiten da, eta ordurarte begien bistan eduki duen munduaren zati laburra -zuhaitz batzuk, bizpahiru teilatu, bidea, zeruaren urdina- ezkutatu egiten zaio bat-batean. Barraketako magoen paineluekin gertatzen den bezala, une batez hantxe dauka guztia: koloreak, mugimendua, argia. Hurrengoan, berriz, guztia joan egin da, ezin liteke hutsune beltz bat baizik sumatu.

Refine Search

Showing 51 through 75 of 315 results