Browse Results

Showing 51 through 75 of 315 results

Azeri-zuloa

by Peio Esnal Ormaetxea

Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak antolaturiko Joseba Jaka literatur beketako II. deialdian Pello Esnalen proiektu bat saritu zen gazteentzako literatura alorrean, eta orain aurkezten diegu euskal irakurleei, egitasmo zena liburu bihurturik. Erreformatoriora eraman dute Andoni, bere herritik indarka aterata. Askatasuna galduko du mugimendu guztiak neurtuta dauden etxe horretan; guraso eta senideak galduko ditu bera bezalako mutil zigortuak besterik ez dauden eremu itxian; eta izena ere galduko du, Antonio deitura ofiziala eman baitiote fraile eta irakasleek, Txatxarolas ezizen mingarria itxiturako kideek. Biziak ez du etenik ordea. Rofekort deitzen dioten erreformatorio horretan egun orok du bere abentura, handi nahiz txikia, eta eguneroko gorabehera horietan aurkituko ditu Andonik bere kezkak eta bizigarriak: eskolako larrialdiak direla, futbol-partiduetako poxak direla... Rokeforteko biztanleetan ere denetik topatuko du, irribarrea eta laguntza eskaintzeko prest dauden lagunak, bai eta azpikerietan dabiltzan zipotzak ere.

Bi bihotz, hilobi bat

by Ramon Saizarbitoria Zabaleta

Senar-emazteen arteko harreman zalapartatsuak dira eleberriaren muina. Zenbaterako mespretxatzen duen emazteak bere senarra! Izugarria da Florak arbuiorako duen gaitasuna, irain zahar baten mendeku errukigabea da harena: "gizon" ez izatea omen da senarraren errua. Salaketa horren atzean, baina, emakume konbentzional bat dago: familia, etxea eta kanposantuak dira Floraren munduaren neurriak. Sinplekeria baldar horren aurka gutxi egin zezakeen enziklopedia saltzaileak: abenturaren bat edo beste Bioletarekin eta, batez ere, komizitate igurtzi batez mozorrotu bere egoera mingarria. Patetikoa da senarraren egoera, eta algararaino komikoa hura indartzeko eleberriak darabilen tonua.

Justizia nire esku

by Maialen Zubeldia Aranburu

Justizia nire esku liburu honetan ageri diren ipuinak oso gordinak dira, gogorrak, zapore mingotsa uzten dutenak, baina aldi berean biziak, interes handiaz irakurtzen direnak, eszenak zineman bezala atzera eta aurrera egiten dutelarik, ia-ia begiekin ikusteraino. Narrazio hauek gazteentzako eginak direla esango nuke, bertan jorratzen diren gaiak eta kontatzeko era gaurko gazteek gustukoa dutelako. Eta baita ere egilea oso gaztea delako eta bere inguruko gazteek era eta estilo horretako narrazio eta liburuak irakurtzen zituztelako 15-18 urte bitarteko gazte sasoi horretan.

Rossetti-ren obsesioa

by Ramon Saizarbitoria Zabaleta

"Eta, azkenean, pare bat jolas metaforikorekin luzatu ondoren, alegoriak utzi, eta bere ipurmasailak aipatzen nituen besterik gabe. Ipurmasail biribilek zoratzear nindukaten, irrealitatetik -batzuetan duda egiten bainuen existitzen ote ziren- egiazko bizitzara nindekartelako. "Amets huts zinena gorpuztu egin zara, zure ipurmasailak dakuskidalako", eta bide horretatik, "zutaz ase nahi dut, zure ahotik edan...". Ez dut uste ulertu ahal izateko gehiago esatea merezi duenik, kontuan hartuta ez dela hau, inondik ere, harro sentiarazten nauen oroitzapena. Ez dakit nola izan nintzen horren ausarta, kontuan hartuz ere errazago dela horrelako gauzak izkribuz esatea. [...] Telefonoz deitu zidan, goizez, eta berehala jakin nuen eragin positiboa lortu nuela izkribuarekin. Bestela izan balitz ez zidan deituko, noski, baina, horretaz gain, nor da? galdetu nuenean, bizitza osoan ordu arte entzundako doinurik sentsualena entzun nuen. Zin dagit belusezko ahotsak existitzen direla. "Maite zaitut" esan zidan, zeta gaztelaniaz ahoskatuz. "¿Lo digo bien?". Baietz erantzun nion noski. "Qué maravilla" esan zidan, "qué bien escribes, me tienes anonadada". Antzeko baieztapen zerrenda luze baten ondoren, ea ba al nekien non zegoen galdetu zidan, eta nik, noski, ezetz; nola jakin behar nuen. "Ohe gainean nago etzanda" esan zidan. "Estoy tumbada encima de la cama y tengo los muslos calientes, tío". Pentsa daitekeenez, ezin nuen listurik irentsi. Harriturik nengoen portaera harengatik, eta harro nire literaturaren eraginagatik. Irakurtzen ari nintzen liburua esku artetik erori zitzaidan".

Borondatezko morrontzari buruzko mintzaldia

by Juan Kruz Igerabide Sarasola Étienne de la Boétie

Jende dohakabe gaixoa, herri burugabea, gaitzean tematurik eta onuraren aurrean itsu zaudeten nazioak! Ondasunik eder eta argienak kentzen uzten duzue muturraren aurrean, zuen soroak suntsitzen, zuen etxeak lapurtzen eta zuen arbasoek utzitako altzariak bipiltzen! Bizi zareten moduan, jada ez da ezer zuena. Badirudi, gainera, zorion handitzat hartzen duzuela zuen ondasunen erdia kentzea, familiaren erdia, bizitzaren erdia. Eta kalte horiek guztiak, zoritxar horiek guztiak, hondamendi hori guztia, ez datozkizue etsaiengandik, baizik eta etsai bakar batengandik, izatea zeuok eman diozuen harengandik; eta haren alde zoazte adoretsu gerrara, eta haren ospearen alde zuen bizia eskaintzeko ere prest zaudete. Baina gizandi horrek ez du bi begi besterik, bi esku besterik, gorputz bat besterik, hots, gure hirietako ezin konta ahala biztanle horietako edozeinek daukana baino gehiagorik ez.

Entzungailua

by Karlos Linazasoro Izagirre

Gorraizea daukala-eta, eta entzungailua jarri behar du belarrian istorio honetako protagonista eta kontalariak. Hortik abiatuta, nobela harrigarri bat garatzen du Karlos Linazasorok: elementu autobiografiko zenbait hartuz eta parodiatuz, bikotearen egunerakotasunaren gazi-gozoiak azalduko dizkigu, bere lehen liburua egin nahi duen idazlearen nahiak eta ezinak, bizitzak edozein unetan agertzen diazkigun aurpegi zentzugabeak... Egileraren nortasuanz gainea, umorea da eleberri osoaren lokarri nagusia, batzuetan ironiara eta besteetan absurdora jotzen duen omore fin bat, irribarrea inoiz galdu gabe eramengo gaituena orriz orri.

Ez gara berdinak baina berdin da

by Severino Calleja Pérez

Ikasturte berria: Ana eskolara itzuli da eta bertan, gelan betiko lagunekin taldea osatu partez, iraskasleak beste lagun batzurekin jarri du. LAGUNAK izena osatzen dute talde honetako ikasleek, Anarekin batera Ghanako Aseye, Hungariako Lian, Brasilgo Noemí, Txinako Guang eta Marokoko Khaled daudelako.Ikasle horiek ez dira Anaren berdinak, eta horregatik anaiarekin zenbait burruka egin behar baditu ere, neska oso gustura dago laguntxo berriekin.

Hamar manamenduak

by Xabier Etxaniz Rojo

"Prostitutekin harremanetan hasi zenez geroztik egin ohi duen gauza da iragarkiak azpimarratzearena. Sei iragarki azpimarratu ditu. Sei horien artean badago bat aspaldiko partez begiz jota daukana. Iragarkiak zera dio: Susi. Heldua. Dibortziatua. Goza nazazu senarrak gozatzen jakin ez zuen bezala. Apartamentu pribatua. Soilik arratsaldez. Fernandok telefonoa hartu eta iragarkian agertzen diren zenbakiak markatzen hasi da. Ahots leun bat agertu da telefonoaren bestealdean. "Susi naiz" dio ahotsak. Fernandok iragarkia irakurri duela esan dio, bai eta ea zer den senarrak gozatzen jakin ez zuena galdegin ere. Susiri ahotsa ezaguna egin zaio eta ea inoiz elkarrekin egonak diren galdegingo dio. Fernandok ezetz baina elkar ezagutuko dutela, gauzak prezio onean eginez gero, bederen. Musu truk gauza gutxi erantzun dio. Fernandoren irribarrea desagertu egin da bat-batean. Esaldiaren bukaera izan da segurtasun irribarrea ezabatu diona. "Capullito" hitza. Fernandoren burmuinak arrapaladan ekin dio pentsatzeari. "Capullito" hitza. Susi ohartu da isiluneaz. Bera ere hasi da pentsatzen. Segundo bat. Ahotsa ezaguna du. Beste segundo bat. Biak isilik. Zerbaitek Susiri bultza egin dio. Ezin jasan hirugarren segundo bat. "Fernando?" "Susana?" izan da Fernandoren erantzuna. Eta biek telefonoa dute eskegi".

Hura abentura!

by Karlos Santisteban Zimarro

Funtsean abentura-istorioa da. Protagonistak, neska eta mutil bat, kezkaturik daude ikasturte berrian ikastolan hasieratik elkarrekin egon den lagun-taldea desegin eta beste gela batzuetan banatu behar delako. Badute lagun batzuk aukeratzerik eta, aukera zaila den arren, Iratik argi eta garbi du Iker nahi duela bere ondoan, izan ere beti gustatu zaio. Azken eskola-egunean maisuak ezusteko sorpresa eman die: denak elkarrekin egongo dira kanpamentu batean eta, hasiera-hasieratik hamaika abentura biziko dituztela agindu die. Azkenean, Irati eta Iker bakarrik murgilduko dira abentura zoroan eta hainbat egoera larritan hausnartzeko eta elkarri hamaika galdera egiteko parada izango dute. Errealitatea eta ametsak nahasten dituen irudimenezko abentura da, azken finean. Ea gustatzen zaizuen!

Ipuin batean bezala

by Joan Mari Irigoien Aranberri

Amodioaren gazi-gozoa dakarkigu Joan Mari Irigoienek eleberri eder honetan; maitasuna baita pertsonaien motor eta akuilu, maitasuna halaber beren buruhausteen iturburu. Sararen eta Anderren bizitzak buelta asko emanak ditu elkar ezagutu baino lehen. Maitasunaren era bizimodu alternatibo baten atzetik joan zen Sara, etxea, lana eta familia utzitza, Granadako Alpujarretara; urte ezti batzuen ostean zoritxarra iritsi zen, eta gero drogaren zuloa, eromenaren infernua... Ander, berriz, etsiak jota dago ia-ia bizitza sentimentalari dagokionez. Eta horra non sortzen den, porrotaren hautsetatik, amodioaren txoria zerua hegaka.... Goxo eta garratzak dira aldika pertsonaien pasadizoak, halakoxea delako bizitza ere, gogorra eta leuna, malkoa eta irria tartekatzen dituena. Horregaitik esan liteke bizitzaren aldeko kantu bat dela sakonean IPUIN BATEAN BEZALA, zoritxarrez gainetik beti baitaude bizi pozerako arrazoiak, gaitzen zirrikituetatik aurrera egingo baitu beti biziak.

NAHI DUZU IZAN NIRE AHIZPAREN MUTILA?

by Mikel Garmendia Ugarte Maite Carranza i Gil Dolz del Castellar

Alizia dut izena eta Sonia izeneko arazo bat daukat. Sonia nire ahizpa da eta tratu txarra eman dit jaio nintzenetik. Orain dela hamaika urtetik hona tratatzen nau gaizki, gau eta egun, baina adin txikikoa denez, ez dute kartzelan sartzen eta ezin diote epaiketarik egin, naziei bezala, pertsona errugabeak torturatzeagatik. Gainera, nire gurasoen urtez, oso normala da guztia, Sonia nerabea delako eta horrek den-dena zuritzeko balio du.

Kaixo, Kattin

by Antton Kazabon Amigorena

Kattin eta bere lagunak haserretu egin ziren, hainbat arrazoi zirela eta. Horren ondorioz, koadrilatik gabe geratu zen Kattin, eta beste ikastetxe batean hasi behar izan zuen. Gertatutakoa konpondu nahian, gutun bat idazten dio bere adiskide Garazik. Hortik aurrerakoa, liburu honen barruan ?

Kandinskyren tradizioa

by Ramon Saizarbitoria

Behin batean, amak liburutegitik jaso ohi zituen liburuen artean, Kandinsky eta ni izenburukoa atzeman nuen, pintorearen alargunak idatziriko memoria liburu bat, zeinean oso anekdota bitxia ageri den. Dirudienez, antzinako ohitura bati jarraiki, tsarren Errusian, Urtezahar eta Urteberri arteko gauean, neska gazteak kalera ateratzen ziren aurkitzen zuten lehendabiziko gizonari izena galdetzeko, ustea baitzen hura bezala deitzen zen batekin ezkonduko zirela. [...] Anekdota irakurri nuenean abenduaren lehendabiziko egunetan geunden eta, auskalo zergatik, horrelako eroaldiak izaten baititugu, zera sartu zitzaidan buruan, Errusian balekoa zenak balio behar zuela hemen, eta erabaki nuen neuk ere, Kandinskyren emazteak bezala, saioa egin behar nuela. Hauxe da liburuaren hasiera distirantea. Aitor eta Manu: bi izen, bi izakera, bi sentipen, Mirenen bizitzan. Aitor ala Manu izan, egiazkoa ala fantasiazkoa izan, maitasuna bera da maite duguna.

Koaderno gorria

by Arantxa Urretabizkaia Bejarano

Aspaldi honetan eleberriak argitaratu gabe egon ondoren, Koaderno Gorria aurkeztu digu Arantxa Urretabizkaiak. Arrazoi politikoak tarteko zirela, emakume bat bere senar eta umeak utzi beharrean aurkitu da. Hasiera batean distantziak baizik ez zuen bereizten familia. Halako batean, ordea, senarra eta umeak erabat desagertu zaizkio bizitzatik. Ez du hurrengo zazpi urteetan haien paraderoaren berririk izango. Une horretantxe irudika genezake eleberriaren abiapuntua: nola iritsi umeekin harremanak izatera, nola ikusi oraindik umeek gogoan duten ala amaordekoak bete duen osorik haren lekua... Horretarako bidali du Venezuelara mezularia, eta haren eskuetan jarri Koaderno Gorria. Bi planotan dago antolatuta eleberri hau: mezulariaren ikerketa eta mugimenduak, batetik, eta amaren oroitzapena erabat estali ez zedin amak berak idatzitako aitormena, bestetik. Koaderno gorri hau primeran antolatu eta soluzionatutako eleberri hunkigarria da.

Romain zen bere izena

by Joxean Agirre Odriozola

Mantso idazten duen egilea dugu Agirre, bere kazetari-lanean presaka aritu behar duelako beharbada; orrialde bakoitza luze pentsatu, esaldi bakoitzari bueltak ematen dizkio, gustura geratu arte, eta igartzen da gero emaitzan, kalitate handiko testuak lortzen baititu. Nobela hau sortzeko Joseba Jaka literatur sorkuntzako beka jaso zuen, eta haren laguntzaz egin du orain irakurleok dasta dezakegun obra sorgingarri hau: Romain zen bere izena. Literaturazale guztiak txoraturik eta jakin-minez dauzkan idazle baten bilaketak osatzen du nobela sorgingarri honen bizkarrezurra. Balizko idazle horren emazteak senarra hiltzen du liburuaren hasieran, bere bizimodu ezkutuaz nazkaturik nonbait, sekretua behingoz argitzeko gogoz; misterioa konpondu ordez gero eta gehiago korapilatuko da, ordea, irakurlea txunditu eta dibertituko duten bihurgune ustekabekoetan. Protagonista eta kontalaria idazle ezkutuaren peskizan dabilen Ikerketa Batzordeko kide bat den arren, mataza polizialaren hari-muturrak galdu eta nahastu egiten dira etengabe, egileari interesatzen zaizkion gaiei tokia egiteko: arteari eta artistari buruzko gogoeta mamitsuak, esaterako, edo emakumearen gaineko kontenplazio deboziozko bat, gure literaturak inoiz eman dituen orrialde erotiko delikatuenak osatzeraino, ironiaren galbahetik iragazita betiere. Pasarte antologikoz beteriko obra sendo, jostalari eta harrigarri bat osatu du Joxean Agirrek, tolesdura bakoitzean irakurketa berri bat, zirrikitu bakoitzean ihesbide bat proposatzen diguna. Berak hainbeste miresten dituen kultuzko egile horietako bat bihurtua, ia-ia.

Van't Hoffen ilea

by Unai Elorriaga Lopez de Letona

Ministerioko funtzionarioa da Matias Malanda, bere arloan onena nonbait, eta proiektu bat dela-eta iritsi da Idusera, lan hori zertan datzan inork argi ez badaki ere. Etxez etze ibiliko da bere grabagailua hartuta, herriko pertsonaia berezienen bizitzak jasotzen, ustez, asmo horren atzean beste helburu batzuk gordetzen diren arren. Tipula-azalen antzera, misterio bat ezkutatzen da beste misterio baten azpian, kontakizunak aurrera egin ahala irakurleak argituko dituenak. Bien bitartean, mikroipuin ugari topatuko ditugu, jende bitxiaren biografia moduan: xake-mota arraro batean jokatzearren ondasun guztiak saldu zituzten anaia bien istorioa, presoen agiriak falsifikatuta garaia baino lehen kaleratzen zituen kartzelako idazkariarena, artazi formako museo bat eraiki zuen arkitektoarena... Bere estilo bereziaz idatzi du Elorriagak bigarren eleberria: gauzak hitz erdika esanez, elipsien bidez sujerituz, testuan eztanda eta txinparta etengabeak bilatuz. Istorio xelebre guztion atzean, ordea, gizatasuanren taupada beroa nagusitzen da, begirada pikaro batekin aldi berean irri eta keinu egiten diguna.

Ariadna eta Hankapalo

by José Antonio Tellaetxe Isusi

Neskatila baten oihua entzun zen: aaaaaa! Eta piraten untzian kainoietara joan ziren denak arrapaladan. Kapelak hartu, pistolak eta labanak eskuratu, eta erratzaz armaturik abiatu zenik ere egon zen. Baten bat erasoka zetorkiela pentsatu zuten. Baina, neskarekin batera Hankapalo pirata zegoen. Hankapalo, Kizki bera kinka larrian jarri zuen kapitaina. Hankapalo handia, zazpi itsasoetako mamua. Kantak zionez, Hankapalo, pirata gaiztoa, okela gordina jaun eta itsasoko hura edaten zuena, lalarala...

Bozateko egunkaria

by Antton Dueso Alarcón

Gure harremana hausteko zorian ginen. Tokitan zeuden gure nobio garaiak! Elkarri torloju muxuak ematen genizkion sasoia... Aspaldiko kontuak. Gero eta okerrago genbiltzan. Ez genion elkarri barkatzen. Eskontza hausteko zorian geunden eta, haustura haren errudun bakarra, bat beste inor ez zen: gure aita. Bai, gure aita zena, bera zen errudun. Hain heziketa euskaltzalea jaso nuen!, Arantxa eta bion arteko harremana hautsi zuen. Eta gertatu behar zena gertatu zen. Akabo zela esan zuen. Orduantxe, argia piztu zitzaion ezkontza arazoetarako psikologoari. Haren esanetan, hainbat senar-emazteak bigarren ezti-bidaia eginez konpondu zituzten bere haserreak. Hortaz, bidaia bat egiteko aholkua eman zigun, guk biok bakarrik, seme--alabak etxean lagata... Gu biok beste inor ez, eta gure haserreak konpontzeko guztizko borondate handia.. Horixe besterik ez. Liburu honetan bildu ditut han eman genituen lau egunetan idatzitako egunerokoa.

Eguzki Beltzaren sekretua

by Alberto Ladron Arana

Eguzki Beltzaren Sekretua espioitzazko thriller klasiko bat da, irakurlea nazien Alemaniara daramana eta bere trama zirraragarrian katigatuta edukiko duena; hala ere, baditu ukitu fantastiko eta are esoterikoak ere, nortasun berezia ematen diotenak: zertara joan da SSetako espedizio bat Tibetera? Zer misterio ezkutatzen du Wagnerri buruzko espezialista den ofizial nazi horrek? Zer lotura du horrek guztiak Mundu Gerrarekin? 1939ko otsaila da. Gerra Zibila amaitzear da Espainian, baina askoz gatazka gogorrago eta odoltsuagoaren zantzuak sumatzen dira Europan: potentzia batzuk eta besteak beren armadak indartzen ari dira, eta zerbitzu sekretuen bitartez etsaia zelatatzen. Giro nahasi horretan, Iparraldean aterpetua dagoen gudari gazte bat espioi-lan lanbrotsu bezain enigmatikoa egitera bidaliko dute bere buruzagiek, Parisen aurrena, nazien Alemanian gero, berak jakin gabe agente espainiar bat orpotik duela uneoro. Espioi-eleberri onenen ezaugarriak ditu Ladron Aranaren nobela honek: dokumentazio zorrotza, girotze bikaina, pertsonaien psikologia berezia, maisuki jositako haria, idazkera arina, erritmo ongi neurtua? Horri, eta liburua zipriztintzen duten ukitu fantastikoei esker, irakurlea hasieratik amaieraraino bizi bezain gozo eramaten duen lana burutu du egileak. Eta hondarrean galdera zentzugabe bat piztuko zaio agian: hau dena sinestezina da baina, halako zerbait izan balitz??

Euskararen aldeko borrokan

by Txillardegi

Euskararen aldeko ianean eta borrokan eman du Txillardegik bere bizitzarik gehiena, bai maila praktikoan erakunde euskaltzaleak antolatuz, euskaldun epelen kontzientziak astinduz, hizkuntzaren aldeko mila ekintza eta protestatan parte hartuz, bai teorikoan, euskara sakonki ikertuz eta landuz, artikulu, saiakera eta literatur lanen bitartez. Ikerketa-esparru horretan egindako lanen aukeraketa eta bilduma moduko bat da, hain zuzen ere, esku artean duzun liburu hau: Euskararen aldeko borrokan.

Gizakien arteko desberdintasunaren jatorri eta oinarriei buruzko mintzaldia

by Jean Jacques Rousseau Juan Kruz Igerabide

Rousseau europar kultura modernoaren funtsezko autorea da. Beraren obra, orijinala eta zabala, zaila da sailkatzen. Hain zuzen ere, idazlearen aurreneko lanak Dijongo Akademiak jaso zituen, eta 1750ean Lehen Saria eman zion oso eztabaidatua izan zen Mintzaldia obrari. Lau urte geroago, bigarren Mintzaldia aurkeztu zuen Rousseauk. Lehenengoan erantzun gabe utzi zuen gaiari -gizaki zibilizatua ustelduta baldin badago, zein da benetako gizakia?.- heldu zion bigarren honetan, bere «gizaki naturalaren ideia» proposatuz, eta gizarteak atzera bueltarik ez duela onartuta, giza izatean oinarritzen den antolakuntza politikoa aldarrikatuz.

Hamabost zauri

by Karmele Jaio Eiguren

Hamabost zauri: senarrak utzi duen emaztea, edo ezkontzaz kanpoko abentura duena, edo erantzunik ez daukan maitasun antzua... gizon-emakumeen arteko hartu-eman beti korapilatsuetan oinarritu da Karmele Jaio bere lehenengo liburu eder eta tarteka mingarri hau idazteko. Binakako bakardadea, komunikazio-inkomunikazio arazoak, desiraren eta errealitatearen arteko amildegia... gai horietatik abiatu eta elikatzen dira hamabost istorio hauek. Hasperen baten atzean egon daitezkeen pentsamenduak hitzen bitartez irudikatuz, burutik pasatu baina esan gabe geratzen diren esaldiak azaleratuz. Giza harremanen eremu labainkorrean eroso baina tentuz mugitzen daki egileak, pertsonen barrunbe ezkutuetan arakatzeko, gure nahi eta ezinak begirada zoli bezain delikatuarekin agertzeko. Ahots berri bat ateratzen da hemen euskal narratibaren plazara. Talentua, nortasuna eta sentiberatasuna erakusten dituen ahotsa, irakurleen buru-bihotzak inarrosten jakingo duena.

Hamar urte barru

by Joxe Belmonte Fernández de Larrinoa

1973an egindako argazki bat dago eleberriaren argumentuaren oinarrian: lau mutil gazte ageri dira argazki horretan, Gorbeia mendiko gurutzearen aurrean. Hamar urteren buruan, 1983an beraz, berriro ere elkartuko direla agindu diote lau mutilek elkarri. Azken urteetan, ordea, izugarri urrundu dira elkarrengandik: bata erbestetik itzuli berria da, ezker abertzalearen munduan murgildurik bestea, talde bakezaleen oinarrietara lerrotua hurrengoa, eta droga, prostitutak eta poliziari emandako informazioa txandakatzen dituena azkena. Politikoki, sozialki eta sentiberatasunaren aldetik lau muturretan jarrita daude, beraz, eleberriko protagonistak. 1979tik hasita, hurrengo urteetan Euskal Herriak bizitutako zenbait pasadizo dabil narrazioan bueltaka: gerra zikina, atentatuak, manifestaldiak eta bakearen aldeko jarduerak. Zarata eta burrunbots horren zimurretan, berriz, bizitza, maitasuna eta mundu gogorrak. Bilbo hiritzarraren bihotzetik kontatuta dago eleberria, gordin eta gogor. "Hard times": heriotza garaile.

Han goitik itsasoa ikusten da

by Julen Gabiria Lara

Idazle gazteentzako Igartza Sariaren lehen deialdian irabazle izan zen Julen Gabiria, eta laguntza hari esker idatzi zuen Connemara gure bihotzetan , bere lehenengo liburua zena eta arrakasta izugarria irabazi zuena. Bosgarren deialdian berriz aurkeztu zen beka honetara, ostera irabazi, eta esku artean dugu sariketa horren emaitza. Han goitik itsasoa ikusten da, Euskal Herrian gerra aurreko urteetan hasi baina, batik bat, II. Mundu Gerra bitarteko Italian gertatzen da, eta bizikleta da bi mutur geografiko horiek lotzen dituen aitzakia: Roman Alberdi mutikoak Euskal Herriko itzulian ikusiko du lehenengoz Gino Bartali karrerista handia; erbestera bidalitako umea dela Frantziako Tourrean topatuko du hurrena, Alpeetako mendi bat igotzen biak, eta haren bila joango da geroago, Toskanako Ponte a Ema herrira. Txirrindulari-kontuez gainera beste gai eta pertsonaia asko aterako zaizkigu bidera ordea: film amerikarrak ezkutuan ematen dituen zinemazalea, txoriak ebanjelizatzen dituen fraidea, lehorrean geratutako marinel portugesa, egunero ogiren batean gerezia sartzen duen okina, judua dela ezkutatu behar duen neskatxa esne-saltzailea? Guztiak ere Toskanako giro lasai, sentsual eta bizizale horretan blaituak. Idazkera txinpartatsua, giro ameslaria, ukitu surrealistak eta injustiziaren kontrako matxinadarako deia elkartzen dira istorio eder bezain hunkigarri honetan, literatura eta bizitza eskutik joan daitezkeela erakutsiz.

Hautsi da katea: Sara izan zen lekuko

by S.L. Rosetta Testu Zerbitzuak Toti Martínez de Lezea

Sara izan zen lekuko. Iraultzak Lapurdiko biztanleen bizimodua gobernatzen zuen Biltzar Nagusia ezabatu zuen; Foruak kendu zizkien kontinenteko euskal lurraldeei, eta, haiek nahi gabe ere, Biarnorekin lotu zituen. Hainbat herri "zitaltzat" jo, eta herri haietako biztanleak Landesetara deserritu zituzten. Jende haren krimena: penintsulako euskaldunekin ahaidetasun, adiskidetasun edo negozioetako harremanak izatea. Kaosaren eta ziurtasun faltaren erdian, Joantto Ithurbide, Jaureneako Gehexanen seme borta, bere sustraien bila dabil, eta baita mendeku bila ere. Mari Harotsenne gazteak, maitasuna bezala, etsipena aurkituko du haren ondoan. Beste pertsonaia batzuek, besteren artean bere herrikideak erbestera bidali zituen Jean-Martin Monduteguy Errepublikako prokuradoreak, edota kontrabandista bihurtutako artzain ohi batek, Gartziak -egiazkoak batzuk eta fikziozkoek besteak-, osatzen dute Euskal Herriaren parte baten aldi historiko gogor baten erretaula.

Refine Search

Showing 51 through 75 of 315 results